Gipuzkoako Merkal Oinetakoak enpresako langileek berrehun egun bete dituzte greban, tartean Azkoitiko langileek. ELA sindikatuak salatu du enpresak "uko" egin diola langileen eskaerak jasoko dituen hitzarmen propioa negoziatzeari. Protestaren arrazoien artean daude atsedenerako eskubidea ez errespetatzea eta antzinatasuna ez aitortzea. "Ordutegiek ez dute asteko atsedenerako eskubidea errespetatzen eta enpresak ez du onartzen langileen antzinatasuna", nabarmendu du sindikatuak.
Grebari ekinda, "hitzarmen kolektibo duina lortzea" izan dute helburu langileek hasieratik. "Negoziazioetan aurrerapen batzuk lortu diren arren, gatazkak geldirik jarraitzen du, enpresak ez baitu proposamen onargarririk egin. Antzinatasun plusa konpentsazio ekonomikoa izateaz gain, ibilbide profesionala, ahalegina eta esperientzia aitortzea ere bada, eta enpresak ez du hori aintzat hartu nahi izan orain arte".
Halaber, sindikatuak azaldu du azaroaren 15ean izan zutela azken bilera enpresarekin. "Argi geratu zen enpresa ez dagoela prest gatazka honi irtenbidea emateko", nabarmendu du sindikatuak. Egoera hori izanda, "negoziazioa irekitzeko lanean" jarraitzeko konpromisoa azaldu du ELAk. Berrehun greba eguneko langa gaindituta ere, "mobilizazioekin aurrera" jarraitzeko eta greba mugagabeari eusteko prest agertu dira langileak.