Gaztea irratiak iragarri ditu aurtengo Maketa Lehiaketako hogei hautagaiak. Musika talde horien artean daude Azkoitiko Eraldatzen zein UR taldeak, baita Joanes Alberdi azkoitiarra partaide den Getariako Skaregekasko ere. Lehiaketa entzuleen bozketa fasean sartu da; izan ere, ostegunera bitartean boto gehien pilatzen duten taldeak sartuko dira lehiaketaren finalera.
Azkoitian 2022. urtean sortutako taldea da Eraldatzen. Erritmo gogorrak maite dituen taldea da, punk rock, hardcore eta metal doinuen artean mugitzen dena. Azkoitikoak dira, era berean, UR musika taldekoak; horiek, baina, musika estilo desberdinak jorratzen dituzte; disco, funk eta indie generoetan dantzatzen den hirukoa da UR, eta dagoeneko disko bat kaleratu du: Baleak (2001).
Joanes Alberdi azkoitiarra partaide den Skaregekasko musika taldea, berriz, iaz sortu zen Getarian. Hamar taldekidez osatuta, "mundu zaharra eta baserri giroa egunerokoarekin uztartzea" dute helburu. Ska eta reggaetik abiatuta, abesti dantzagarriak egiten dituen talde jendetsua da Skaregekasko.
Botoak, ostegunera arte
2024ko Maketa Lehiaketako proposamen guztiak jasota, Julen Idigorasek, Lorea Argaratek eta SÜNEk osatutako epaimahaiak aurre-finalisten zerrenda osatu dute. Behin horiek zehaztuta, entzuleek ostegunera arte, hilak 12, izango dute hautagairen baten aldeko botoa emateko aukera. Honako lotura honetan eman daiteke musika talderen baten aldeko botoa. Era berean, lotura horretan bertan entzun daitezke Azkoitiko musika taldeen eta musikarien proposamenak.