Realak Azkoitiko herriari egin nahi izan dio aurten keinua, klub txuri-urdinak Azkoitia hautatu baitu 2024-2025 denboraldiko posterren atzealdeko irudi gisa. Azkoitiak Hiri Gutuna jaso zueneko 700. urteurrenaren harira erabaki du klub txuri-urdinak gizon-emakumeen posterretarako herriko irudiak erabiltzea.
Atzo arratsaldean jakinarazi zuen Realak hori, eta ondoren, Ana Azkoitia alkateak eta Igor Isuzkiza nahiz Juan Bautista Mendizabal zinegotziek Realeko ordezkaritza zabala hartu zuten udaletxean. Besteak beste, Igor Zubeldia eta Nerea Eizagirre jokalariak, Xabi Prieto klubeko enbaxadorea, Aitor Diaz de Mendibil Reala B taldeko kontseilaria eta Angel Oiarzun presidenteordea izan ziren atzo Azkoitian. Horiek guztiek posterren lehen aleak entregatu zituzten udaletxean, eta trukean, alkateak Barriken iturriaren eskultura eman zien txuri-urdinei.
Gizonen posterrean San Martin auzoa ikus daiteke, eta emakumeenean, Balda dorretxea. Hain justu, poster horietan Azkoitia 700 egitasmoaren logoa ere ikus daiteke, baita irudien azalpena ere; izan ere, Mendizabal zinegotziak posterretako testuetan kolaboratu du. Gainera, Realak atzo Azkoitira egindako bisita jasota geratu da, klubeko ordezkari guztiak udalaren Ohorezko Liburuan utzi baitzuten beraien sinadura.
Hona hemen Realak atzoko aurkezpenari lotuta Youtuben argitaratu duen bideoa: