Azkoitia, Realaren aurtengo denboraldiko posterren irudi

Andoni Elduaien 2024ko abe. 9a, 15:21

Realeko emakumeen taldearen posterra. (Reala)

San Martin auzoa eta bere ermita dira protagonista gizonen posterrean, eta Balda dorretxea eta bere aurreko plaza emakumeenean. Gaur arratsaldean "ekitaldi instituzional xumea" egingo dute udaletxean posterra aurkezteko.

Azkoitia hautatu du Realak aurtengo denboraldirako posterren atzealderako. Gaur, astelehena, kaleratu ditu klub txuri-urdinak 2024-2025 denboraldiko gizon-emakumeen posterrak, eta herriko bi gune hautatu ditu bakoitzarentzat. Gizonen posterrean San Martin auzoa eta bere ermita dira protagonista, eta emakumeenean, Balda dorretxea eta bere aurreko plaza. 

Poster berriak "esanahi berezia" duela azaldu du Realak, eta klub txuri-urdinak gizonen nahiz emakumeen posterrak erabili ditu Azkoitiko herria "omentzeko". Aurten, 700 urte bete dira Azkoitiko herriari Hiri Gutuna eman zitzaionetik, eta urteurren hori dela eta hautatu du Realak denboraldi honetarako posterra Azkoitiari eskaintzea.

Realak jakinarazi duenez, gainera, gaur arratsaldean "ekitaldi instituzional xume bat" egingo dute Azkoitiko udaletxean, posterra kaleratu dutela-eta, hura aurkezteko. Halaber, klubak azaldu du datozen egunetan poster berriari lotutako hainbat ekintza jarriko dituztela martxan.

"Jendeak maite duen herria"

Urte sasoi honetan irudi horien zain izaten dira Realaren zaleak, eta azken urteetan, bereziki, ikusmina sortzen du posterrak Gipuzkoako herritarren artean; izan ere, Gipuzkoako toki esanguratsu bat hautatu ohi du futbol klub txuri-urdinak bere posterraren atzealderako.

2010etik hona, Gipuzkoako honako gune hauek hautatu ditu Realak bere posterrerako: Txindoki mendia, Mutriku, Deba eta Zumaia arteko Flyscha, Oianlekuko pagadia, Aranagako harrobia, Getaria eta Zarautz, Miramar jauregia, Beasain, Aiako Harriak, Hondarribia eta Reale Arena. Aurten, estadiotik atera dute Realaren bi talde nagusienen posterra. "Oraingoan, Gipuzkoara itzuliko da posterra, jendeak asko maite duen herriaren 700. urteurrena ospatzeko. Gora Azkoitia!", adierazi du Realak.

Realeko gizonen taldearen posterra. (Reala)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide