Bingoa eta antzinako euskarazko dokumentuak protagonista, Euskararen Eguna ixteko

Andoni Elduaien 2024ko abe. 4a, 08:40

Atzo, asteartea, Euskararen Eguna ospatu zuten herritarrek, eta arratsaldean, bingo musikatua eta euskarazko dokumentuei buruzko erakusketa nahiz hitzaldia izan ziren. Jendetza bildu zen Elkargunean bingoan parte hartzeko.

Giro ezin hobean itxi zuten azkoitiarrek atzo Euskararen Eguna. Goizean, haurrek beraien aldarrikapenak plazara eraman eta gero, arratsaldean jarraitu zuten ospakizunek herrian; izan ere, bingo musikatua eta antzinako euskarazko dokumentu historikoei buruzko erakusketa nahiz hitzaldia izan ziren.

17:30ean hasita, bingo musikatua egin zuten Elkargunean. Yogurinha Borova eta Akrata Kristi aritu ziren han bildutakoen arratsaldea girotzen; izan ere, musika, euskara eta umorea uztartu zituen bikoteak. Jendetza bildu zen gune horretako Herriko Plaza aretoan, adin ezberdinetako herritarrak elkartu baitziren jokorako. Gainera, bingoa edota lerroa osatu zutenei sariak banatu zizkien Marijose Arregi Euskara zinegotziak.

Antzinako euskarazko dokumentu historikoei lotuta, berriz, bi hitzordu izan ziren. Euskara gure dokumentuetan eta orain 700 urte izenburupean, batetik, erakusketa ireki zuten Portaleburu erakusketa aretoan, eta bestetik, hitzaldia eskaini zuten Elkarguneko Oteiza aretoan. Bi guneetan Ramon Martin Sukia Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoko arduraduna eta Ander Ros euskararen iraganaren ikertzailea izan ziren protagonista. Hain justu, jatorria Azkoitian duen XVI. mendeko euskarazko maitasun olerki zaharraz aritu zen bikotea. Rosa Aierbe doktoreak aurkitu zuen dokumentua duela lau urte, Oñatin (Gipuzkoa) kokatuta dagoen Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialean.

Azkoitiko notariotza protokolo batean —notarioak urte batean sinatzen dituen dokumentuen bilduma— zegoen jasota euskarazko maitasun poema, gaztelaniazko dokumentu baten ertzetan edo zirrikituetan. 1515. urteko data eman dioten dokumentua berreskuratzeko adituek egin duten lana ezagutu daiteke erakusketan. Hain zuzen, lanketa horri buruz eta euskarazko bestelako dokumentu historikoei buruz hitz egin zuten hitzaldian.

Erakusketaren ordutegia

Erakusketa abenduaren 15era arte egongo da zabalik Portaleburun. Gaur, hilaren 5an, 6an eta 13an, 18:00etatik 20:00etara irekiko dute; hilaren 7an eta 14an, 12:00etatik 14:00etara nahiz 18:00etatik 20:00etara; eta azkenik, hilaren 8an eta 15ean, 12:00etatik 14:00etara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide