Jatorria Azkoitian duen XVI. mendeko euskarazko maitasun olerki zahar bat aurkitu dute

Julene Frantzesena 2020ko abe. 3a, 13:53

Poemak aurkitu dituzten dokumentuak. (Azkoitiko Udala)

Oñatin kokatuta dagoen Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialean aurkitu du testua Rosa Aierbe doktoreak. Litekeena da olerki horiek euskaraz kontserbatu diren zaharrenak izatea; izan ere, XVI. mendeko olerkiak dira. Olerkia Miguel Ibañez Insaustiko eskribauaren protokolo batean aurkitu dute.

Euskaraz idatzitakoa den eta jatorria Azkoitian duen antzinako testu bat aurkitu dute Oñatin kokatuta dagoen Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialean. Azkoitiko notariotza protokolo batean –notarioak urte batean sinatzen dituen dokumentuen bilduma– zegoen jasota euskarazko maitasun poema, gaztelaniazko dokumentu baten ertzetan edo zirrikituetan. Donostiako Koldo Mitxelena Liburutegiko ikasketa gelan aurkeztu dute dokumentua gaur Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Harkaitz Millan Kultura diputatuak eta Ander Ros filologo eta dokumentuaren ikertzaileak. Eskuizkribua ikusgai jarriko dute hurrengo bi asteetan Koldo Mitxelena Kulturunearen sarreran.

Gipuzkoako diputatu nagusiak aurkikuntza berria euskararen ikerkuntzan jarraitzeko "altxor bat" dela nabarmendu du, "euskararen bilakaerari buruzko ikerketa eta ezagutza dira gure hizkuntzaren etorkizuna finkatzeko oinarririk sendoenak; aurkikuntza honek argi berria eskainiko du zeregin horretan".

Azkoitiko Udalak ohar bidez eman du aurkikuntzaren berri, eta erakundearen arabera, litekeena da olerki horiek euskaraz kontserbatu diren zaharrenak izatea; izan ere, XVI. mendearen hasierako olerkiak dira, zehazki, 1503 eta 1522 bitartekoak. Olerkiek gipuzkeraren ezaugarri batzuk dituzte. Dena den, testuek ikerketa sakona egitea eskatzen dutela azaldu dute generoaren behin betiko identifikatu ahal izateko. Juan Bautista Mendizabal historialari azkoitiarrak azaldu duenez, olerkia Insaustiko Miguel Ibañez eskribauaren protokolo batean aurkitu dute.

Rosa Aierbe doktoreak aurkitu zuen dokumentua, Oñatiko artxibategian, ikerketa bat egiten ari zela, eta hark artxibategiko arduradunei jakinarazi zien. Azkoitiko Udalaren arabera, aurkikuntzak "lotura estua" du herriarekin, eta ezinezkoa zatekeen albiste hoberik jasotzea Euskararen Eguna ospatzeko. Ander Ros irakasleak eskuizkriburuaren aurkezpenean azaldu duenez, "testuko hitz batzuk gipuzkera arkaikoan idatzita daude, eta bakanetakoa da, eta horietatik zaharrena, ia bakarra". Testuak izan dezakeen garrantziari dagokionez, filologoaren arabera, "kontuan hartu behar da Oñatin aurkitutako konposizio poetikoaren garrantzia; izan ere, Lazarragaren lana eta Julen Arriolabengoak aurkitutako Ibarguen-Cachopin eskuizkribua izan ezik, aspaldian ez baitzen euskara arkaikoan idatzitako testurik agertzen".

Testuaren egileari dagokionez, ikerketa lan bat egin behar da Rosek azaldu duenez; izan ere, testua Miguel Ibañez Insausti eskribauaren 1503. eta 1522. urteen bitarteko notario-eskriturak dituen protokolo batean badago ere, uste dute testuaren egilea dela ikasketa prozesuan Insaustiren eskribautegian lan egin ahal izan zuen eskribauetako bat. Idazketa datari dagokionez, "idazketa motak eta letra berarekin datatuko eta idatzitako beste dokumentu askoren presentziak bide ematen dute baieztatzeko testua 1508. eta 1521. urtean artean idatzi zela".

Iago Irijoa doktorearen laguntzarekin, artxiboko lantaldeak eskuizkribuaren thonako behin behineko transkripzioa proposatu du:

"Ene laztan gozo ederra
penaz penaçen naçu.
Orreyn culez ninduçula
Nola amora nençaçun
ori escuan ezpata?

Çeure escuoz naraçu
andicoz eta ebeticoz
Barcaçio diqueçut ezcutaria, usatu eztet arma guiza erayten lecobidi guiçon gaztea
Amore minez penaçen
olloa lumaz estari
ni amorez yçerdi
ene barco negarretan
Çaldiac baduezi leyara. Niri juan çatan neure amorea, leena ezquero, on daducat neure vioçean barruna.

Goyçean goyçic jaqui ninçan, astean egun batean astean egun batean, da asteleen goyçean.
Neure laztan "velaga", jarri çequidan aurrean
Neurc nay eneban vian, "çaoncaur" aldean
Colpe andiaç jo nenguian, vioç onen erdian.

Elizara nijoean, colpea ar neçanean
Velauric jarri ninçan, alderean aurrean
Neure vecatuas confesatu eguin baninç bequela,
Penetençia eman çidan, vide nevan bequela
Vitarteco ema[…] ni[…]gon…".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide