Ikastetxeek plazara eraman dituzte euskararen aldeko aldarriak

Andoni Elduaien 2024ko abe. 3a, 13:11

Herriko ikastetxeek plazara eraman dituzte beste urte batez Euskararen Egunean euskararen aldeko aldarriak. Ana Azkoitia alkateak nabarmendu du euskal hiztunak direla "euskararen salbatzaileak", eta ikasleei bazter guztietan euskaraz hitz egiteko deia egin die.

Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da, eta urtero bezala, herriko ikastetxeak plazara atera dira, euskararen aldeko aldarriak lau haizetara zabaltzera. Hain justu, Floreaga ikastetxeko, Xabier Munibe Ikastolako, Azkoitia BHIko eta Bizilore Eskola Aktiboko ehunka ikasle, irakasle eta begirale bildu dira plazako oholtzaren aurrean. Beste zenbait herritar ere elkartu da haien atzean, gaurko aldarrikapenekin bat eginez.

Plazatik suziria bota orduko utzi dituzte haurrek eta gaztetxoek beraien ikastetxeak, eta plazarako bidea hartu dute, aurrean trikitilariak, pandero jotzaileak eta gaurko aldarrikapenaren leloa osatu duten pankartak zeramatzaten ikasleak aurrean hartuta. 11:30ak pasatxo zirenean hasi dira guztiak tantaka-tantaka udaletxe aurrean elkartzen, baina azkenean, euri zipriztinek bustitako olatu erraldoia osatu dute. Ozen aldarrikatu dute guztiek euskaraz bizi direla eta halaxe bizitzen jarraitu nahi dutela.

Eskola guztietako ordezkariak plazara iritsi direnean, Ana Azkoitia herriko alkateak hartu du hitza, eta hark nabarmendu du euskal hiztunak direla "euskararen salbatzaileak". Alkatea pozik agertu da plaza jendez goraino ikusita, eta honakoa esan die han bildutakoei: "Plaza hau horrela ikusteak bihotzak piztu eta mingainak arindu behar dizkigu. Bihotzak piztu, altxor bat dugulako: euskara; eta mingainak arindu, euskarak gure ahoetatik irten behar duelako. Euskara zainetan, bihotzean, buruan, eta, batez ere, ahoan eraman behar dugu", azaldu du alkateak.

Txapela buruan eta ibili munduan esaera ere hizpide izan du alkateak, haren hitzetan txapela baita euskaldunen "nortasuna, sustraia eta hizkuntza". Hala azaldu du Azkoitiak: "Gure nortasuna, gure sustraiak eta gure hizkuntza, guztiak gureak dira, geurekin eraman beharrekoak. Aterkiak euritik babesten gaituen moduan, txapelak ere joera arrotzetik babesten gaitu; txapelak babestu egiten gaitu. Gure aukera da txapela janztea edo ez; gure aukera da euskara erabiltzea ala ez".

Era berean, euskara "oso gutxiren esku" dagoela azpimarratu du herriko alkateak. Azken hamarkadetan hiztun kopuruak "etengabe gora" egin badu ere, euskarak oraindik-orain "mehatxu eta laino beltzak" aurrean dituela adierazi du. Hitzartzea amaitu aurretik, berriz, ikasleei zuzendu zaie hura, eta euskara bazter guztietan erabiltzeko deia egin die: "Erabili euskara lagunekin eskolara bidean, jolaslekuan eta ikasgelan; erabili euskara etxean, eta gurasoek edo aiton-amonek ez badakite saiatu irakasten; erabili euskara kalean eta parkean. Hizkuntza ez badugu erabiltzen, hil, galdu egiten da eta".

Ondoren, Bizilore eskolako guraso eta begirale batek lagunduta, hainbat euskal abesti ezagun abestu dituzte, hala nola Behin betiko, Itzulera eta Txoria Txori. Trikitilariek eta pandero jotzaileek, berriz, Egun da Santi Mamina abestia jo dute, eta bitarte horretan udaletxeko balkoian zintzilikatu dute gaurko egunerako hautatutako leloa: Euskara aske! Azkoitian, jai eta aste, zahar eta gazte, Euskaraldia.

Bingoa, erakusketa eta hitzaldia

Arratsaldean ere izango dira ekintzak. 17:30ean hasita, bingo musikatua egingo dute Elkargunean. Yogurinha Borova eta Akrata Kristi arituko dira han bildutakoen arratsaldea girotzen; izan ere, musika, kantua eta koreografia uztartuko ditu bikoteak. Sarrera doakoa izango da, eta udalak jakinarazi du bingoko irabazleek sariak jasoko dituztela.

Euskara gure dokumentuetan eta orain 700 urte izenburupean, berriz, hitzordu bikoitza jarri dute: 18:00etan, erakusketa irekiko dute Portaleburu erakusketa aretoan, eta 19:00etan, hitzaldia eskainiko dute Ramon Martin Sukiak eta Ander Rosek, Elkargunean. Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoko arduraduna da Sukia, eta euskararen iraganaren ikertzailea da Ros.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide