Errezilgo Belamendik irabazi du Kintopekoen San Andres Idi Dema Saria. Atzo, astelehena, jokatu zuten txapelketako azken jardunaldia, eta hiru egunetako lanik onena egitea lortu zuten Belamendiren idiek. Ipintza harriari (1.770 kilo) tiraka, 51 plaza justu egin zituzten etxe horretako animaliek, eta hala txapela, manta eta 1.300 euroko dirusaria irabazi zituzten. Nolanahi ere, Urola Kosta eskualdeko ordezkariak fin aritu ziren; izan ere, Urrestillako Olalde sailkatu zen bigarren, 48 plaza, lau zinta eta 1,62 metro eginda, eta Errezilgo Biskiak hirugarren, 48 plaza eta 2,29 metro eginda.
Zapatuan, San Andres egunean, jokatu zuten lehen jardunaldia, eta lau idi pare atera zituzten plazara. Maruri-Jatabeko (Bizkaia) Billabasok egin zuen lanik onena, 46 plaza eginda. Haren atzetik sailkatu zen Ezkioko (Gipuzkoa) Igeldo, 41 plaza eginda. Aldiz, Mungiako Birle auzoko (Bizkaia) I. Lopategik eta Errenteriako (Gipuzkoa) P. Illarretak 30 plaza eskas egin zituzten.
Igande arratsaldean jokatu zuten bigarren jardunaldia, eta zapatuko lanik onenak zein kaskarrenak hobetu zituzten hiru idi pareek. Urrestillako Olalderen idiek 48 plaza egin zituzten, sariketako ordura arteko lanik onena ezarriz. Zallako (Bizkaia) Zornotza anaien idiek, berriz, 41 plaza pasatxo osatu zituzten, eta Aizarnazabalgo Etxabe-Palaziok, 32 plaza.
Atzo, astelehena, Errezilgo bi ordezkariak eta Lezoko (Gipuzkoa) Olatzar Eraikuntzak aritu ziren probalekuan. Belamendik lehen bi jardunaldietako marka onena ezarri zuen; Biskiak etxeko idiek ez zuten Olalderen lana hobetu; eta azkenik, Olatzar Eraikuntzakek 47 plaza pasatxo eginda amaitu zuen lana.
Kintopekoen Gipuzkoako Txapelketarako proba puntuagarria izan da Azkoitiko sariketa. Hona hemen sailkapena osorik:
- Belamendi (Errezil): 51 plaza.
- Olalde (Urrestilla): 48 plaza, lau zinta eta 1,62 metro.
- Biskiak (Errezil): 48 plaza eta 2,29 metro.
- Olatzar Eraikuntzak (Lezo, Gipuzkoa): 47 plaza eta 2,45 metro.
- Billabaso (Maruri-Jatabe, Bizkaia): 46 plaza.
- Zornotza anaiak (Zalla, Bizkaia): 41 plaza eta 2,26 metro.
- Igeldo (Ezkio, Gipuzkoa): 41 plaza.
- Etxabe-Palazio (Aizarnazabal): 32 plaza.
- P. Illarreta (Errenteria, Gipuzkoa): 30 plaza.
- I. Lopategi (Birle, Mungia, Bizkaia): 30 plaza.
(Argazkiak: Ibon Errazu)