Enrique Tejedor nagusitu da San Andres xake txapelketan

Julene Frantzesena 2024ko abe. 1a, 18:00

Gaur jokatu dute txapelketaren 29 edizioa, 158 lagunek, Elkargunean. Mailaz maila, lehia oso estuak izan dira. Aipatzekoa da etxeko hiru jokalarik beren mailan podiumean sartzea lortu izana: Carlos Sanchezek, Anibal Fernandezek eta Juan Carlos Valorrek.

Gaur goizean 158 xake jokalari elkartu dira Azkoitian, Anaitasuna-Kakute taldeak antolatutako San Andres Txapelketaren 29. edizioa jokatzeko. Bi areto bete dituzte xakelariek, eta goiz guztian zehar partida ugari jokatu dituzte horiek.

169 lagun zeuden txapelketan parte hartzeko izena emanda, baina azkenean, 158 aritu dira lehian. Kantabriako Enrique Tejedor nagusitu da, zortzi puntu batuta. Tejedor zen faborito nagusia; izan ere, hainbatetan izan da Espainiako txapelduna. Dena den, lehia estua izan da; izan ere, Tejedorrek Alexander Pedchenko eta Juan David Becerra zuen berdinketa hautsi behar izan du.

Sailkapeneko lehen emakumea Elisabet Ruiz izan da; hark sailkapen orokorrean 14 postua lortu du, 6,5 puntu batuta. Bigarren, berriz, Leire Vegak egin du (sailkapen orokorrean 54.a izan da) bost punturekin, eta hirugarren, berriz, Judith Parkhurst (sailkapen orokorrean 75.a izan da) sailkatu da, 4,5 puntu batuta.

Kategoriaz kategoria, lehiak estuak izan dira. Besteren artean, maila onean aritu dira Anaitasuna-Kakuteko Carlos Sanchez, Anibal Fernandez eta Juan Carlos Valor, beren mailetan podiumean sartzea lortu baitute. Etxeko emakumeek ere –Lucia Valorrek, Alaitz Hidalgok eta Izaro Arriolak– lan oso ona egin dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide