Giro ederrean ospatzen ari dira aspaldiko San Andres egunik jendetsuena

Aitziber Arzallus 2024ko aza. 30a, 15:14

Larunbata, eguraldi paregabea eta festarako gogoa; osagai horiek guztiek bat egin dute gaurkoan, eta sekulako jendetza batu da Azkoitian, denak ere San Andres eguna behar bezala ospatuta uzteko intentzioarekin. 

Aspaldiko San Andres egunik jendetsuena ospatzen ari dira gaur Azkoitian. Larunbata izateak eta, ateri ez ezik, epel-epel egiteak ere lagundu dute horretan, eta eguerdiko 12:00 alderako jendea erruz zebilen herriko kaleetan. Plazara bertaratu ahala, txorizo eta talo usaina ziren nagusi. Iritsi ezinik ibili dira plazaren bi aldeetara jarritako postuetan lanean ari ziren dozenaka lagunak, barraren bestaldeko jendearen emana sekulakoa izan baita.

Plazaberrin, berriz, dozenaka postu jarri dituzte era guztietako produktuekin: erroskillak, pastelak, gazta, patea, garagardoa, arropak, aterkiak... Eta saltzaileak gustura jardun dira lanean, jendeak, gaurkoan, erosi ere egin duelako. Trikitilariak eta txistulariak atsedenik hartu gabe aritu dira kaleak girotzen, baina bestelako denbora-pasarik ere izan da; batzuk herri kirolei begira entretenitu dira, eta beste batzuek nahiago izan dute denbora animaliei begira pasatu. 

Txuri Urdin Elkarteak San Andres egunez antolatzen duen Pintura Lehiaketa ere egin dute gaur, eta seiehun haur eta gaztetxo inguruk parte hartu dute. Eguerdian, elkarteko arduradunek, Sonia Vazquez Kultura zinegotziarekin batera, sari banaketa ekitaldia egin dute plazan. Tenpera Taulen kategorian, Sayuzi Olaizola izan da irabazlea; A kategorian, Ian Aragoi; B kategorian, Jone Martinez; eta C kategorian, Maria Okuda.

Goizak eman beharrekoak eman dituen arren, datozen orduetan eta egunetan ere aspertzeko betarik ez dute izango azkoitiarrek. Hona hemen egitaraua: 

Gaur, San Andres eguna:

  • 16:00etan. 50. Kontzejupeko Pilota Txapelketako finalak, Kontzejupean.
  • 20:00etan, Oihan Vega DJaren emanaldia.
  • 19:30etik 22:30era, Emaginen indarkeria sexistez ohartarazteko postua.
  • 22:00etan, Kintopekoen San Andres Idi Dema Saria, Gurea probalekuan. 

Bihar:

  • 10:00etan, 29. San Andres Xake Txapelketa, Elkargunean.
  • 22:00etan, Kintopekoen San Andres Idi Dema Saria, Gurea probalekuan. 

Etzi:

  • 22:00etan, Kintopekoen San Andres Idi Dema Saria, Gurea probalekuan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide