Sehaskako txapelketak, 50 urte

Andoni Elduaien 2024ko aza. 29a, 09:10

Herriko lau pilotari Kontzejupeko Txapelketaren partida bat jokatzen. (Zezilio Salas)

50. aldiz jokatuko dituzte bihar Azkoitiko Kontzejupeko Pilota Txapelketaren finalak. Beti Poz elkarteak hasitako bideari eusten dio Oteiza elkarteak. 16:00etan hasita jokatuko dituzte zortzi final, bai eskuz binaka, bai buruz buru.

Gutxi izango dira udaletxearen azpian, kontzejuaren pean, frontoia duten herriak. Eta, era berean, ez dira asko izango frontoi bati izena emandako pilota txapelketak. Azkoitian aurkitu daiteke halako bat, Kontzejupe frontoia, Euskal Herri zabalean ezaguna dena. Bihar, San Andres egunez, 50. aldiz jokatuko dituzte Kontzejupeko Pilota Txapelketaren finalak. 

Herriko Beti Poz elkarteak antolatu zuen aurrenekoz pilota txapelketa hori; elkarte horrek kudeatzen zituen herriko pilota kontuak orduan. Carlos Arrizabalaga Xapatero (Azkoitia, 1937) da txapelketa antolatzeko ardura hartu zuen lantalde hartatik bizi den kide bakarra. Xapaterori berari otu zitzaion Kontzejupeari halako egun bat ematea, eta ingurukoek lagunduta hasi zen hura txapelketa antolatzen. Kontzejupeak "merezi zuen" halako egun bat, haren esanetan. "Kontzejupean ez zen bertako txapelketarik jokatzen gure garaian. Aurrez ere jende askok jokatzen zuen han pilotan, baina ez zen pilotaleku horri lotutako txapelketarik egiten. Halako frontoi ederra izanda, eta gainera, horrenbeste jendek bertan jokatuta, pena zen txapelketarik ez izatea", dio Xapaterok.

Dena den, egun ezagutzen den txapelketak ez du zerikusirik duela 50 urte egin zenarekin alderatuta. Hala azaldu du, behinik behin, Arrizabalagak. "Gogoan dut lehen aldi hartan pilotari beteranoen arteko finalak-eta jokatzen zirela. Artean pilotari beterano ugari zegoen Azkoitian, eta haien finalak egitea erabaki genuen. Bost partida jokatzen ziren, bostak binaka. Gerora hasi ziren, poliki-poliki, jende gazteagoaren finalak antolatzen". 

«Txapelketaren bueltan, lehengo eta orduko pilotariak biltzen ginen»

Carlos Arrizabalaga 'Xapatero'

Beti Poz elkarteko kidea

Egunari lotuta, gainera, Xapaterok dio hasieran ez zituztela Kontzejupeko txapelketaren finalak San Andres egunean jokatzen; uda sasoian izaten ziren. Ordea, egun hura pilotariak eta pilotazaleak biltzeko ere baliatzen zuten. "Finalak jokatzen ziren egunean pilotari izandako herritarrak aritzen ziren irabazleei sariak banatzen. Gero, gainera, Beti Poz elkartean sekulako afaria eskaintzen genien. Txapelketaren aitzakian, lehengo eta orduko pilota munduko herritarrak biltzen ginen", azaldu du hark.

Harrezkero, urtero-urtero egin izan da txapelketa; errotu egin da Azkoitian Kontzejupeko Pilota Txapelketa, eta Xapaterok, nola ez, barruan darama poza. "Egungo gazteek ere segi egiten diote, eta luza dezatela behar bezainbeste".

Beti Pozetik Oteizara

Beti Poz elkartearen lekukoa Oteiza pilota elkarteak hartu zuen, eta hura arduratzen da egun txapelketa antolatzeaz. Alex Juaristi (Azkoitia, 1993) da elkarte horretako presidentea, eta garbi du halako txapelketa batek urrezko ezteiak bete ditzan, herrian pilotarekiko nolabaiteko "indarra" behar dela. Herri erdian dagoen pilotalekua izanik, "berezia" da harentzat Kontzejupea. «Ia herritar guztiok jokatu izan dugu hor noizbait; guztiok dugu frontoi horri lotutako esperientziaren bat. Horrek egiten du berezi Kontzejupea". Eskuin pareta, arkupe, bazter, ertz, eta ate gaizto askoko frontoia da Kontzejupea, jokorako bitxia, eta Oteizako ordezkariak dio ezaugarri horiek ere egiten dutela "berezia" frontoia. 

«Ia herritar guztiok jokatu izan dugu noizbait Kontzejupean»

Alex Juaristi

Oteiza elkarteko presidentea

2018az geroztik, Oteizako arduradunak ahalegindu dira txapelketari zenbait ukitu txertatzen. Erabaki berezienetakoa da arropari lotuta hartu zutena. Txapelketako partida guztiak zuriz jantzita jokatu behar izan dituzte pilotariek. Ordea, izena emateko orduan ere egin dituzte aldaketak. "Lehen herrira zabaltzen genuen izen ematea, baina azken hiru urteetan geu ari gara maila guztietako bikoteak osatzen. Haurretan, bereziki, ikusi genuen bikoteak geuk eginda partidak orekatuagoak eta emaitzak hobeagoak zirela, betiere haien hobekuntzari begiratuta". Urteurren borobila kontuan hartuta, klubetik kanpoko izen emateak ere jaso dituzte aurten. "Jendeak izena gustura emango zukeela esan zigun, eta izen ematea herri osora zabaldu dugu". Oteizako kideak dio, halere, ez dela «nahi adina» bikote apuntatu. "Urtean zehar Kontzejupean jende ugari ibiltzen dela ikusita, espero genuen izena jende gehiagok emango zuela".

Bihar jokatuko dituzte txapelketaren finalak. 16:00etan hasita, zortzi final jokatuko dituzte benjamin mailatik nagusien mailara bitartean. Kontzejupearen bueltan, pilota festari lotzen ere badakitela erakutsiko dute azkoitiarrek, beste behin. Hona hemen partida guztiak mailaz maila:

Finalak

Benjaminen B maila
  • Mattin Azkargorta eta Amets Etxaniz vs Ekain Segurola eta Irai Oiartzabal
Benjaminen A maila
  • Aimar Azkune eta Manex Zubeldia vs Aner Zabaleta eta Aiur Romero
Alebinen B maila
  • Amets Lete eta Enaitz Andola vs Xabier Hernandez eta Adur Arzamendi
Alebinen A maila
  • Eddy Romero eta Aimar Iturralde vs Oihan Mendizabal eta Joab Diaz
Haurren maila
  • Aunitz Zaldua eta Denis Santos vs Erik San Sebastian eta Xanet Arana
Kadeteen maila
  • Aritz Lizarralde vs Pello Alkorta
Gazteen maila
  • Julen Etxaniz vs Jon Arregi
Nagusien maila
  • Mikel Aranbarri eta Inhar Egaña vs Alex Juaristi eta Imanol Lasa

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide