Azkoitiko Probalari Elkarteak antolatuta, kintopekoen San Andres Idi Dema Saria jokatuko dute sanandresetan. San Andres egunean, hilaren 30ean, jokatuko dute sariketako aurreneko jardunaldia, eta abenduaren 1ean zein 2an hurrengo biak. Guztira, hamar etxetako idiek eta itzainek parte hartuko dute aurtengo lehian.
Ohi bezala, Ipintza harriari (1.770 kilo) tira egin beharko diote idiek. Kintopekoen Gipuzkoako Txapelketarako proba puntuagarria izango da Azkoitikoa, eta beraz, Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak kontrolatuko ditu; idi pare bakoitza proba egunean pisatuko dute. Guztira, 8.550 euro banatuko ditu Azkoitiko Probalari Elkarteak sarietan. Idi pare onenak 1.300 euro, manta eta txapela jantziko ditu; 1.200 euroko saria jasoko dute txapeldunordeek; eta hirugarren sailkatuek, 1.100 euro.
Zapatuan, 21:00etan jokatuko dute jardunaldia, eta orduan Billabaso (Maruri-Jatabe, Bizkaia), P. Irarreta (Errenteria, Gipuzkoa), Igeldo (Ezkio, Gipuzkoa) eta I. Lopategi (Birle, Bizkaia) arituko dira. Abenduaren 1ean jokatuko dute bigarren jardunaldia, 18:00etan hasita, eta orduan hiru idi pare arituko dira lehian: Olalde (Urrestilla), Etxabe-Palazio (Aizarnazabal) eta Zornotza anaiak (Zalla, Bizkaia). Hirugarren eta azken jardunaldia, berriz, abenduaren 2an izango da, eta orduan Errezilgo Belamendik nahiz Biskiak eta Lezoko (Gipuzkoa) Olatzar Eraikuntzak etxeetako idiak plazaratuko dira.
Hona hemen kintopekoen San Andres Idi Dema Saria txapelketaren egutegia:
Azaroak 30, zapatua, 21:00etan:
- Billabaso (Maruri-Jatabe, Bizkaia)
- P. Irarreta (Errenteria, Gipuzkoa)
- Igeldo (Ezkio, Gipuzkoa)
- I. Lopategi (Birle, Bizkaia)
Abenduak 1, igandea, 18:00etan:
- Olalde (Urrestilla)
- Etxabe-Palazio (Aizarnazabal)
- Zornotza anaiak (Zalla, Bizkaia)
Abenduak 2, astelehena, 22:00etan:
- Belamendi (Errezil)
- Biskiak (Errezil)
- Olatzar Eraikuntzak (Lezo)