Azkoitiarren doinuak

Olatz Gabilondoren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2024ko abe. 25a, 09:00

Olatz Gabilondo. (Utzitakoa)

Floreaga Ikastetxeko irakaslea, korrikalaria eta Marea Urdinako gurasoa da Olatz Gabilondo, eta hura da Azkoitiarren doinuak ataleko 46. protagonista. Azkoitia Gukak hala eskatuta, bost euskal kanta hautatu ditu hark, bakoitza arrazoi jakin batengatik.

  • Ikusten duzu goizean (Joan Batista Elizanburu)

"Oso abesti kutuna dut. Berezia da niretzat, gure jatorriaz, baserriaz, hitz egiten duelako; beti erlazionatzen dut txikitan amonarekin baserriaz izandako bizipenekin oroitzeko. Amonak bazuen Arrate irratia entzuteko, eta han askotan jartzen zuten abesti hau. Horrez gain, betidanik izan dut nire haurrei lokartzerakoan abesti honen zatitxo bat abesteko ohitura".

  • Behar zaitut (Maialen Arzallus eta Jon Barberena)

"Irakaslea naiz Floreaga Ikastetxean, eta behin izan nuen beherakada bat lanean. Ikastetxean badugu ohitura egun onak egiteko; egunari etekina atera ahal izateko ikusten ditugu balioei buruzko bideoak eta abar... Halako egun baterako zerbaiten bila nenbilela aurkitu nuen abesti hau. Kasualitate handia izan zen; izan ere, Jon Barberena nire ikaskidea izan zen irakasle ikasketetan. Garai hartan lagun izan nituenekin konektatzeko eta garai hartako bizipenak gogorarazteko balio dit abestiak, baita aukeratu nuen lanbide honekin konektatzeko ere. Oraintxe bertan oso maitea dudan abestia da, nahiz eta Jon bera falta".

  • Laztana (Latzen)

"Gure gaztaroko abesti magikoa da. Nire belaunaldikoak oroituko dira abesti honekin, garai hartakoak izan baitziren lehen amodioak eta bikote erlazioak. Nire kasuan, asko markatu ninduen abesti honek".

  • Marea Urdina (Marea Urdina)

"Abesti zerrenda honek erakusten du pixka bat nire bizitza nola joan den. Marea Urdinaren kantuaren doinuak bereziak dira niretzat, eta abestiak esaten duena, nire alabarekin izan ditudan bizipenak tarteko, balio izan didate aurrerapauso handi bat emateko. Mundua ilun ikustetik, argitasun pixka bat gehiagorekin ikustera igaro nintzen. Era berean, balio izan dit elkarrekin gauza asko lor ditzakegula ikusteko, elkarren beharra dugula jabetzeko. Gizarte hobeago baten bila egiteko bidean, badu abesti honek esperantza puntu hori transmititzeko ideia".

  • Ardi beltzak (Bulego eta Zea Mays)

"Marea Urdinaren abestiari buruz esandakoagatik eta mundua hobetzeko nahiz eraldatzeko ikuspegiagatik hautatu dut abesti hau. Ezin dugu beti ardi izan, eta ezin dugu beti agintzen diguten hori egin, ezta esaten diguten guztia sinetsi ere. Guztion onurarako diren gauzetan oinarritu behar dugu, baina batzuetan izan behar dugu ardi beltza, arrazoitu eta esaten diguten guztia zalantzan jarri".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide