Azaroaren 25a

Azaroaren 25ari lotutako ekintzak antolatu ditu udalak astelehenerako

Andoni Elduaien 2024ko aza. 22a, 08:30

Ikasleak eskoletan egindako tximeletak eskuetan dituztela. (Udala)

Astelehen eguerdian elkarretaratzea egingo dute plazan, udaleko Berdintasun sailak deituta. Erakusketa bat ere jarriko dute Portaleburun, eta ikastetxeetan hitzaldiak eskainiko dituzte. Urola Erdiko Itaiak deituta, bestalde, astelehen arratsaldean egingo dute Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguneko elkarretaratzea, plazan.

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna, azaroaren 25a, izango da datorren astelehenean, eta horri lotuta, Azkoitiko Udalak ekintzak antolatu ditu. Udalak bat egin du Emakundek eta Arabako, Bizkaiko zein Gipuzkoako foru aldundiek sinatu duten Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko leloa duen kanpainarekin.

Aurten, indarkeriaren banalizazioan jarri nahi izan dute fokua, baita horri aurre egitearen garrantzian ere. Hain justu, aldarrikapen horiek egiteko, Udaleko Berdintasun sailak hainbat ekintza antolatu ditu astelehenerako. 12:00etan, elkarretaratze isila egingo dute, udalaren esanetan "erreparazio, errekonozimendu eta memoria ekitaldi xumea". Kontzentrazioa amaitutakoan, gainera, bertaratutakoek kandela bana piztuko dute biktimen oroimenez. Udalak Azaroaren 25arekin bat egin nahi duten guztiei dei egin die: "Indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat eraiki nahi dugu, eta hori ikusaraztea ere garrantzitsua da". 

Hala azaldu Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak: "Gogoetarako gonbidapena izatea nahi dugu. Gaitzespen adierazpenak ugaritu egin diren arren, salaketak eta indarkeria kasuak ez dira eten. Zentzu horretan, aurtengo mezua oso beharrezkoa eta egokia da. Egunero irakurtzen ditugu sareetan indarkeria matxista hutsaltzen duten esaldiak, eta horrek egoera larriagotu egiten du. Diskurtso ukatzaileei aurre egin behar diegu, erasotzaileei alfonbra gorria jartzea bezala baita".

Bestelako ekintzak ere egingo dituzte, ordea, Azaroaren 25ari lotuta. Batetik, Portaleburu erakusketa aretoan Ahalduntze ikastaroen barruan xilografia tailerretan parte hartzen ari diren emakumeen lanak erakutsiko dituzte hilaren 25etik abenduaren 1era. Astelehenetik ostiralera, 17:30etik 19:30era zabalduko dute aretoa, eta igandean, abenduaren 1ean, 12:00etatik 14:00etara.

Era berean, ikastetxeetara ere zabaldu nahi izan dute aurtengo egitaraua. Floreaga Ikastetxeko eta Azkoitia BHIko DBHko ikasleei hitzaldiak eskainiko dizkie Asier Arizkorretak. Hark manosferaz hitz egingo du, diskurtso misogino eta antifeministak sustatzen dituzten webguneez, blogez eta foroez, alegia. Arizkorretak dio halako guneekin "arriskua areagotzen" doala. "Mezu horiek gero eta modu nabarmenagoan iristen ari dira gazteengana eta helduengana", adierazi du.

Itaiak ere bai

Udalaz gain, Urola Erdiko Itaiak ere antolatu ditu ekintzak Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan. Azaroaren 25ean, astelehenez, Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan deitu dituzte mobilizazioak, baina aurrez ere egingo dute ekintzarik.

Azkoitiko mobilizazioa 18:00etan egingo dute plazan, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean. Dena den, gaur, ostirala, hitzaldia eskainiko dute Zestoako Gaztetxean, eta bihar, Azpeitian, autodefentsa saioa, hitzaldia, bazkaria eta erakusketa egingo dituzte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide