Urola Erdiko Itaiak prest ditu Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira antolatutako ekintzak. Azaroaren 25ean Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan deitu dituzte mobilizazioak, baina aurrez ere egingo dute ekintzarik.
Ostiralean, azaroak 22, Zein dira indarkeria matxista ukatzearen ondorioak? izeneko hitzaldia eskainiko dute Zestoako Gaztetxean, 18:00etan hasita.
Larunbatean, azaroak 23, Azpeitian elkartuko dira, eta hainbat ekintza egingo dituzte. 11:00etan hasita, autodefentsa saioa egingo dute Betharramen. Ondoren, 12:30ean hitzaldia izango da Azoka Plazan, Indarkeria matxistaren aurrean zer? izenburupean. "Arlo politikoa, juridikoa eta osasun arloa" jorratuko dituzte, besteak beste. Ondoren, 14:00etan, bazkaria egingo dute Azoka Plazan. Bazkariak iraun bitartean, erakusketa jarriko dute, eskualdeko artisten lanekin. Bazkaritarako txartelak salgai daude dagoeneko Haginpe tabernan. Bertaratu ezin dutenek Itaiaren instagram kontura idatzi besterik ez dute.
Azaroaren 25ean, Azkoitian, 18:00etan hasita egingo dute mobilizazioa, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean.
Autodefentsa saioak
Autodefentsa saioek datozen asteetan ere jarraituko dute. Abenduaren 11n, otsailaren 5ean, martxoaren 12an, apirilaren 2an eta maiatzaren 7an egingo dituzte hurrengo saioak, Esklabetan. Horiek guztiak 18:00etan hasiko dira. Itaiako kideek jakinarazi dutenez, saioak ordu bat eta ordu bat eta erdi artekoak izango dira.