Bizkargi eskolako kideek Santa Zezilia eguna ospatuko dute ostiralean

Andoni Elduaien 2024ko aza. 19a, 12:05

Ikasleak iazko Santa Zezilia Jaialdian. (Iraia Oteiza)

Bizkargi eskolako ikasleek eta irakasleek Musikalean egitasmoaren barruko kalejira egingo dute, 17:30ean hasita, herrian zehar. Gero, Elkargunean eskainiko dute Santa Zezilia eguneko jaialdia.

Musikarien Nazioarteko Eguna, Santa Zezilia eguna, ostiralean ospatuko dute Azkoitian. Beste urte batez, Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako ikasleek zein irakasleek beraien eguna ospatuko dute herrian. Arratsalde erditik aurrera egingo dituzte egunari lotutako ekintzak.

17:30ean, Bizkargi eskolako trikitilariek eta pandero jotzaileek kalejira egingo dute Alde Zaharrean zehar. Euskal Herriko musika eskolek antolatzen duten Musikalean egitasmoaren barruan egingo dute kalejira horiek. Modu horretan hasiko dira herria girotzen; izan ere, ordubete beranduago musika eta dantza emanaldia eskainiko dute Elkargunean. Eskolako dantzari eta musikari gazteenek 18:30ean eskainiko dute Santa Zezilia jaialdia Elkarguneko Herriko Plaza aretoan.

Azkoitiko Musika Bandak joan den zapatuan ospatu zuen Santa Zezilia eguna. Musikariek zapatu eguerdiari jarri zioten musika, eta herriko hainbat kale zeharkatu zituzten, Carlos Muñoz zuzendariaren aginduetara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide