Azkoitiarren doinuak

Juan Mari Arruabarrenaren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2024ko abe. 18a, 09:00

Juan Mari Arruabarrena San Martingo Ondaregunean azalpenak ematen. (Andoni Elduaien)

Munibe arkeologia taldeko eta Azkoitiko Musika Bandako kidea da Juan Mari Arruabarrena, eta hura da Azkoitiarren doinuak ataleko 45. protagonista. Azkoitia Gukak hala eskatuta, Arruabarrenak bost euskal kanta hautatu ditu, bakoitza arrazoi jakin batengatik.

  • Ez nau izutzen negu hurbilak (Mikel Laboa)

"Betidanik liluratu izan naute abesti honen hasierako melodiak eta Laboaren ahotsak. Behin, nire ilobari esan nion, Laboaren kanta batzuk ea musika bandarentzako moldatzerik izango ote zukeen, eta bai egin ere; Laboakadak izena jarri zion, eta duela hiru urte Baztartxon eskainitako kontzertuan estreinatu genuen".

  • Baga, Biga, Higa (Mikel Laboa)

"Bigarren kanta honi, nire gusturako, handitasuna eman zion orkestrarekin eta koroarekin grabatu izanak".

  • Amaren besoetan (Sorotan Bele)

"Abesti hau kantatu ziguten gure alabek ospakizun batean, eta entzuten dudan bakoitzean egun hura gogoratzen dut. Dena den, Azkoitiko Musika Bandak eta Sorotan Bele taldeak kontzertu bat ere eskaini genuen elkarlanean Baztartxo antzokian".

  • Hemen gaude (Ken 7)

"Kantu hau ere nire ilobaren ezkontza ospakizunean kantatu zuten nire alabek; esanahi handiko hitzak ditu beretzat".

  • Xalbadorren heriotzean (Xabier Lete)

"Abesti hau betirako geratuko da gure artean; guztiok kantatu izan dugu noiz edo noiz, eta hala bada, zerbaitegatik izango da".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide