San Andres igeriketa sarian parte hartu dute ehunka umek

Ane Olaizola 2024ko aza. 16a, 16:39

Txapelketaren une bat, Elkargunean. (Ane Olaizola)

Lehia eta festa uztartu dituzte Zubiaurre igeriketa klubak antolatzen duen txapelketan. 16:00etatik aurrera, 150 ume inguruk bete dute Elkarguneko igerilekua. 

Zubiaurre igeriketa klubak antolatuta, San Andres igeriketa saria jokatu dute arratsaldean Elkargunean. Antolatzaileen arabera, 150 bat umek parte hartu dute txapelketan, eta ohi bezala, lehia eta festa uztartu dituzte igerilariek. 16:00etan hasi da txapelketa, eta adinka banatuta eraman dute hura aurrera: 25 metro egin dituzte LH3 eta LH4 mailetako umeek. LH5 zein LH6 mailetakoek eta Marea Urdinako kideek, berriz, 50 metro osatu behar izan dituzte. Denbora onena egin duten maila bakoitzeko hiru partaideek podiumera igotzeko aukera izan dute, eta horiek garaikurrak jaso dituzte. Dena den, parte hartzaile guztiek eskuratu dute saria, hala nola domina eta goxoki poltsa bat.

San Andres saria Zubiaurre igeriketa klubaren festa eguna izaten da, maila guztietako igerilariak elkartzen baitira eta familiekin batera ospatzen dute eguna. 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide