Ostiralean zabalduko dituzte barrakak

Ane Olaizola 2024ko aza. 17a, 09:00

Abenduaren 1era bitartean izango dira barrakak zabalik, eta egun horretan, Umeen Eguna izango da. Bihar, berriz, errepidea itxiko dute Trenbidearen Zumardia kaleko 3 eta 9 zenbakien artean, tiobiboak jartzeko.

Ate joka dira sanandresak, eta ohiko moduan umeek barrakez gozatzeko aukera izango dute datozen egunetan. Datorren ostiralean, hilaren 22an, zabalduko dituzte barrakak Trenbidearen Zumardian, eta festak igaro bitartean izango da horietan ibiltzeko aukera. Gainera, abenduaren 1a Umeen Eguna izango da, eta egun horretan euro eta erdian salduko dituzte sarrerak.

Itxiera orduei dagokienez, datorren ostiralean eta zapatuan gauerdira arte egongo dira zabalik; azaroaren 24tik 28ra artean zein abenduaren 1ean, 21:00etan itxiko dituzte; eta azaroaren 29an eta 30ean —San Andres bezperan eta egunean— 02:00etara artean izango dira irekita.

Bestalde, barrakak irekita dauden egunetan, 18:00etatik 19:00etara artean ez da musikarik jarriko; hau da, ordu isila izango da, "denek ahalik eta modurik erosoenean" goza dezaten tiobiboez. Gainera, aniztasun funtzionala duten pertsonek lehentasuna izango dute, eta ez dute ilaran zain egon beharko.

Bihartik, kalea itxita

Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, asteazkenean hasiko dira barrakak muntatzen, eta guneak ordurako hustuta egon behar duenez, bihar goizetik ezin izango da Trenbidearen Zumardia kaleko 3 eta 9 zenbakien artean aparkatu, eta errepidea ere itxiko dute ibilgailuentzat.

 
 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide