Kaleratu du udalak San Andres jaietako egitaraua

Andoni Elduaien 2024ko aza. 15a, 09:37

Postuetako langileak, iaz, jo ta su lanean. (Mailo Oiarzabal)

Hiru asteburuko jai egitaraua aurkeztu du udalak aurtengo urterako. Bihar egingo dituzte aurreneko ekintzak, baina hurrengo bi asteburuetan ere askotariko ekintzak izango dira; izan ere, aurten larunbatez egokitzen da San Andres eguna.

Azkoitiko Udalak kaleratu du 2024ko sanandresetako egitaraua. Aurten, hiru asteburutara luzatuko dira herrian San Andres jaiei lotutako ospakizunak. Etzi, zapatua, izango dira aurreneko asteburuko ekintzak, eta hurrengo asteburuan, besteak beste, herri lasterketa, danborrada, azoka, erakusketa eta dantza kalejirak nahiz emanaldiak izango dira. San Andres eguna larunbatez egokitzen da, eta ohi bezala egun osoko egitaraua izango du aurtengo egunak ere.

Etzi, zapatua, Zalduntxoak taldeak danborradarako ondu duen jantziaren aurkezpena egingo du Intsaustin; bestetik, Zubiaurre igeriketa klubak San Andres igeriketa sariketa jokatuko du Elkargunean; eta azkenik, gauean, Desgaraian eta Ur taldeen kontzertuak izango dira plazan. Dena den, Sexubizi gune morea ere jarriko dute 22:30etik 01:30era, informazioa nahiz aholkularitza eskaintzeko eta balizko erasoen aurrean babesa eskainiko duen gunea izateko. Jai giroan drogen kontsumoak sor ditzakeen arriskuez ohartarazteko, berriz, Ailaket! postua jarriko dute.

Bigarren asteburuan, zapatuan eta igandean izango dira sanandresei lotutako ekintzak. Zapatuan, 16:30ean, Raka Azkoiti-Azpeitiko atletismo taldeak antolatutako XIX. Herri Lasterketa jokatuko dute. Herriko plazan izango ditu probak irteera eta helmuga. 22:00etan, bestalde, helduen danborrada egingo dute. Baztarrikaldetik abiatuko dira 500 bat parte hartzaile, eta plazan, Balda plazan nahiz Julio Urkixo etorbidean geldialdiak egin eta gero, herriko plazan bilduko dira danbor konpainia guztiak gauerdia baino lehen.

Igandean, berriz, egun osoan izango da zer ikusi eta zer gozatu. Goizean zehar, herriko baserritarrek beraien etxeetako produktuak erakutsi eta salduko dituzte herriko plazan; ehoziri edo bolillo lanak ere erakutsiko dituzte eskulangileek, Kontzejupean. Ondoren, dantzak eta musikak hartuko dute protagonismoa egun osorako. 11:00etan, bestalde, Bizkargi eskolako musikariak zein dantzariak eta Txalkor txistulari taldeko kideak kalera aterako dira. Gaztanenean bilduko dira parte hartzaile guztiak, eta handik abiatuta kalejira egingo dute Alde Zaharrean zehar. 12:30ean, berriz, Alaken elkartearen eskutik plaza dantzak egingo dituzte Goiko Losan. Dena den, euria egingo balu, goizeko dantzarien kalejira eta plaza dantzen emanaldia Elkarguneko Herriko Plaza aretoan egingo dituztela jakinarazi du udalak. 19:00etan, azkenik, Sahatsa dantza taldearen, Azkoitiko Musika Bandaren eta Iraurgi abesbatzaren emanaldia izango da Baztartxo antzokian. Herriko hiru kultur talde horiek bi urtez behin aurkezten dute sanandresen bueltan obra berria, eta aurten, Xirri-Xarro izena duen musika eta dantza ikuskizuna.

San Andres eguna

Aspaldiko partez, larunbata egokitu da aurten San Andres eguna; 2019an egokitu zen azkenekoz eguna zapatuan ospatzea. Nolanahi ere, urtero izaten diren ekintzak izango dira aurten ere azaroaren 30ean. Egun osoan zehar, herriko ikastetxeek eta bestelako eragileek janari nahiz edari postuak jarriko dituzte plazako eta Berdura plazaren bueltako arkupeetan, eta haren bueltan askotariko ekintzak izango dira.

09:30ean, esaterako, herriko dultzaineroek eta trikitilariek kalejira egingo dute, herriari festara ateratzeko gonbidapena luzatuz. 10:00etan, berriz, Jausoroko Txuri Urdin elkarteak antolatuta, marrazki eta margo lehiaketa egingo dituzte. 11:00etan aterako dira berriro herriko trikitilariak kalera, ordurako kalean diren herritarrak girotzeko asmoz. Haiekin batera kalerik kale ibiliko dira Txalkor eta Mendaroko (Gipuzkoa) txistulari taldeetako txistulariak ere. 12:30ean, herri kirol erakustaldia izango da plazan, eta 14:30ean, marrazki eta margo lehiaketako sari banaketa ekitaldia.

Arratsaldean jarraituko du festak, eta ohi bezala, Kontzejupearen bueltan bilduko dira azkoitiarrak, herriko pilotarien partidak ikusteko. 16:00etan hasiko dira aurten Oteiza Pilota Kirol Elkarteak antolatutako 50. Kontzejupeko Txapelketaren partidak. Kirol hitzordu hori amaitutakoan, musikak hartuko du berriro plaza, 20:00etan hasiko baita Oihan Vega DJaren emanaldia. Halaber, 19:30etik 23:30era bitartean, Emaginek indarkeria sexistez ohartarazteko informazio gunea jarriko du.

San Andres jaietan, halaber, Kintopekoen San Andres Idi Dema Saria ere jokatuko dute. Hilaren 30ean eta abenduaren 1ean zein 2an izango dira probak, Gurea probalekuan. Abenduaren 1ean jokatuko dute, era berean, Anaitasuna-Kakute xake taldeak antolatutako 29. Xake Txapelketa; egun horretan, 10:00etan bilduko dira inguruko xakelariak Elkarguneko Herriko Plaza aretoan.

Egitaraua, egunez egun

Hona hemen 2024. urteko sanandresetako egitaraua: 

Azaroak 16, zapatua

  • 16:00etan, Zubiaurre igeriketa klubaren San Andres Igeriketa Sariketa, Elkargunean.
  • 22:30ean, Desgaraian eta Ur taldeen kontzertuak, plazan.
  • 22:30etik 01:30era, Sexubizi gune morea eta Ailaket! postua.

Azaroak 23, zapatua

  • 16:30ean, Azkoitiko herri lasterketa.
  • 22:00etan, helduen danborrada.

Azaroak 24, igandea

  • Goizean zehar, baserritarren azoka, herriko plazan, eta ehoziri egileen erakusketa, Kontzejupen.
  • 11:00etan, Bizkargi eskolako dantzarien zein musikarien eta Txalkor taldeko txistularien kalejira.
  • 12:30ean, plaza dantzak Alaken elkartearen eskutik, Goiko Losan.
  • 19:00etan, Xirri-Xarro ikuskizuna, Baztartxon, Sahatsa dantza taldearen, Iraurgi abesbatzaren eta musika bandaren eskutik. 

Azaroak 30, zapatua, San Andres eguna:

  • Egun osoan zehar, janari eta edari postuak plazako eta Berdura Plazako arkupeen bueltan.
  • 09:30ean, herriko dultzaineroen eta trikitilarien kalejira.
  • 10:00etan, Txuri Urdin elkarteak antolatutako marrazki lehiaketa.
  • 11:00etan, herriko trikitilarien kalejira.
  • 11:00etan, Txalkor taldeko eta Mendaroko txistularien kalejira.
  • 12:30ean, herri kirol erakustaldia, plazan.
  • 14:30ean, marrazki lehiaketako sari banaketa, plazan.
  • 16:00etan. 50. Kontzejupeko Pilota Txapelketako finalak, Kontzejupean.
  • 20:00etan, Oihan Vega DJaren emanaldia.
  • 19:30etik 22:30era, Emaginen indarkeria sexistez ohartarazteko postua.
  • 22:00etan, Kintopekoen San Andres Idi Dema Saria, Gurea probalekuan. 

Abenduak 1, igandea

  • 10:00etan, 29. San Andres Xake Txapelketa, Elkargunean.
  • 22:00etan, Kintopekoen San Andres Idi Dema Saria, Gurea probalekuan. 

Abenduak 2, astelehena

  • 22:00etan, Kintopekoen San Andres Idi Dema Saria, Gurea probalekuan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide