San Jose egoitzako lanaldien aferari lotutako epaiketa ari dira egiten gaur

Ane Olaizola 2024ko urr. 28a, 10:51

San Jose egoitzako zaintzaren kalitatea salatzeko iazko abenduan egin zuten elkarretaratzea. (Ane Olaizola)

Egoitzako unitate psikogeriatrikoan egiten ari diren obrak "aitzakia" hartuta, Biharkok lanaldi osoko bi lanpostu kendu dituela azaldu du ELA sindikatuak, eta enpresak lanpostuak berreskuratzeko "konpromisorik" hartu ez duela eta, bide judizialera jo dute langileek.

San Jose adinekoen egoitzako langileek bide judizialera jo dute haien lanaldien afera konpontzeko asmoz, eta ELA sindikatuak jakinarazi duenez, alde biek epaiketa izango dute gaur, astelehena, Donostiako Lurralde Auzitegian.

ELA eta LAB sindikatuek iazko abenduan jakinarazi zuten San Jose egoitza kudeatzen duen Biharko enpresak bi lanpostu "suntsitu" nahi zituela, joan zen urteko urritik egoitzako unitate psikogeriatrikoan egiten ari diren obrak "aitzakia" hartuta –obren eraginez zortzi erabiltzaile gutxiagorentzat lekua dago egoitzan–. "Erabiltzaile gutxiago daudenez, enpresak esan digu lanak amaitu bitartean ez dituela lanaldi osoko bi lanpostu horiek ordezkatuko, eta ez du baieztatu gero berreskuratuko al dituen", azaldu dute orain ELAko ordezkariek. Hain zuzen, sindikatuak azaldu du Biharkori eskatu diotela obrak amaitzen direnean lanaldi osoko bi lanpostuak berriz sortzeko konpromisoa har dezala, baina hark "airean" utzi du lanaldien etorkizuneko egoera, eta horregatik erabaki dute epaitegietara jotzea.

ELAren esanetan, lanaldi partziala duten beste zenbait langilek hamalau urte daramatzate lanaldi osoko bi kargu horiek noiz hartuko zain. Izan ere, sindikatuek behin baino gehiagotan salatu izan dute egoitzako langile gehienek lanaldi partzialak dituztela, eta enpresaren erabakiak "gero eta prekarioagoak" bilakatzen dituela langileen lan baldintzak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide