Herritar ugari elkartu da gaur arratsaldean eliz atarian, San Jose egoitza kudeatzen duen Biharko enpresak bi lanpostu "suntsitu" nahi dituela eta hango zaintzaren kalitatea "gero eta okerragoa" dela salatzeko.
Egoitzako unitate psikogeriatrikoan obrak egiten ari dira urriaz geroztik, eta ondorioz, zortzi erabiltzaile gutxiagorentzat lekua dago egoitzan, LAB eta ELA sindikatuek osatzen duten enpresa batzordeak azaldu duenez. Haren arabera, zortzi erabiltzaile gutxiago izanik, langileak "soberan" daude Biharkoren ustez, "argudio hori erabilita" egin ditu murrizketak. Dena den, sindikatuek azpimarratu dute langile gehienek lanaldi partzialak dituztela, eta enpresaren erabakiak "gero eta prekarioagoak" bilakatzen dituela langileen lan baldintzak.
Enpresa batzordeak "hainbat alditan salatu" du egoitzako langileen egoera "gero eta okerragoa" dela, baina haren arabera, ez dago "inolako borondaterik" egoera hobetzeko. "Langileen baldintzez gain, ez dakigu kendu diren zortzi erabiltzaile horientzat tokia egongo den obrak amaitu ostean, edo zein izango den egoera", gehitu dute. Langileen ordezkariek jakinarazi dute Kabiarekin —Gipuzkoako Foru Aldundiaren Organismo Autonomoa— bilera bat egin zutela azaroan, "erantzunak eskatuz", baina haren erantzuna izan zen afera "enpresarekin kudeatzeko gaia" zela. Sindikatuek salatu dute "argi" geratu dela aldundiak eta Kabiak "enpresa pribatu baten interesak lehenetsi" nahi dutela, "langile eta egoiliarren ongizatearen gainetik".
Bien bitartean, San Jose egoitzaren egunerokoa "gero eta latzagoa" dela salatu dute: "Egoiliarrek sarritan ez dute zaintzarik ez dagoelako denborarik, postuak ez dira ordezkatzen, langileak gero eta azkarrago egin behar izaten dituzten lanak. Halaber, gero eta dependentzia maila handiagoko egoiliarrak daude egoitzan eta lan kargak areagotzen zaizkie langileei: esaterako, bi erizain laguntzaileren artean oheratu behar izaten ditugu 20 egoiliar". Horren aurrean, langileek mobilizatzera erabaki dute, eta aldundiari, udalari eta Biharkori eskatu diote "behingoz egoitzako arazo larriei" irtenbide bat emateko eta "zerbitzuaren kalitatea eta langileen lan baldintzak hobetzeko beharrezko urratsak" emateko. "Lanaldi osoko postuak bermatu behar dira, eta nahikoa denbora egotea egoiliarrak behar bezala artatzeko".