Eskuz edota txikizka sortutako eta egindako askotariko produktuak ikusgai eta salgai jarri dituzte gaur Azkoitiko plazan. Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako hainbat sortzailek urte honen hasieran sortutako Artiekin elkarteak orain arte Azpeitian egin izan ditu azokak, eta gaur, lehen aldiz, Azkoitian ari dira egiten artisau azoka.
Egun osoko azoka da, gainera, gaurkoa. 11:00etan hasi dute, eta 19:00ak arte postuak irekita izango dituzte gaur plazan eskualdetik zein Euskal Herriko beste zenbait txokotatik etorrita elkartu diren hogei artisauek.
Azoka osatzeko, bi ekintza ere antolatu ditu Artiekinek. Goizean, oihalezko panpinak egiten ikasteko tailerra eskaini du plazako arkupeetan Michaela Fortovak. Eta 17:00etan hasita, ipuin kontaketa eskainiko du Manex Beristainek.