Artiekin elkarteak artisau azoka prestatu du iganderako

Ane Olaizola 2024ko urr. 17a, 09:00

Artiekinek antolatutako artisau azoka Azpeitian, apirilean. (Mailo Oiarzabal)

Euskal Herriko hogei artisauk bat egingo dute igandean Azkoitian, eta azoka zabaldik izango da 11:00etatik aurrera. Goizean zein arratsaldean, gainera, aparteko ekintza bana izango da azokan bertan.

Urola Erdiko hainbat eskulangilek indarrak batu eta Artiekin elkartea eratu zuten duela hilabete batzuk, eta taldeak artisau azoka antolatu du lehen aldiz Azkoitian. Datorren iganderako jarri dute hitzordua, eta herriko plazan elkartuko dira Euskal Herriko hogei bat artisau, tartean elkarteko kide direnak.

11:00etatik 19:00etara bitartean egongo da zabalik azoka, eta eskuz egindako askotariko produktuak jarriko dituzte salgai, hala nola arropak, osagarriak eta poltsak. Era berean, aparteko bi ekintza izango dira azokaren barruan: batetik, Michaela Fortova artisauak panpinak egiteko tailerra gidatuko du 11:30etik 13:00etara artean, eta bestetik, Manex Beristainek ipuin kontaketa saioa eskainiko du 17:00etan.

Azkoitiko, Azpeitiko zein Zestoako zortzi sortzailek —Oihele, Amuki Handmade, Ametsen Txokoa, Miara Design, Endredamakina, Marabina eta Lanaland— saretzea erabaki zuten urtearen hasieran, Artiekin elkartea sortuta ikusgaitasun handiagoa izango zutelakoan. Horren ondotik, Azpeitian azokak antolatu izan dituzte, eta estreinakoz, Azkoitian prestatu dute. Antolatzaileen esanetan, elkarteak urtean bizpahiru azoka prestatzeko asmoa du Azpeitian eta Azkoitian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide