Azkoitri klubak antolatutako Jokin Ormaetxea Memorialak eragina izango du larunbatean herriko zirkulazioan, egitasmoak iraungo duen bitartean, hau da, 16:00etatik 19:00etara artean. Hain zuzen, udalak jakinarazi du herrigunea "ia erabat" itxita egongo dela ibilgailuentzat, eta 17:30etik 18:30era artean, Azkoitia eta Azpeitia arteko GI-631 errepidea moztuta egongo dela Azpeitiko norabidean; kontrako norabidean, errai bat erabilgarri egongo da.
Egun horretan kontuan hartu beharreko zenbait argibide ere eman ditu erakundeak: batetik, lasterketak zeharkatzen dituen kaleetako errepideak itxita egongo dira: Ibaiondo, Xabier Munibe, Julio Urkixo, Ugarte ibilbidea, Santa Klara, Jandonianiz, Bizkargi, Trino Uria eta Balda plaza.
Beidazar kalean, Ertzaintza dagoen tokitik herrigunera jaisteko bideak, berriz, kontrako norantza hartuko du: hau da, jaisteko erabili ordez, igotzeko erabiliko da. Ibilgailuak kiroldegiko biribilgunetik gorantz hartu ahalko dute Trenbidearen Zumardia kalera edota San Martinera igotzeko. Ibilbidea jarraitu behar dutenek Juin industrialdera jo beharko dute eta handik Eroskiko biribilgunera joan. Era berean, kontrako bidea, Juinetik San Martinera, ere egin ahalko da autoz.
Floreagako eta inguruetako ibilgailuek, berriz, aukera bakarra izango dute sarrera-irteeretarako. Aingeru kaletik barrena, Mekoletako biribilgunerantz hartu beharko dute, Elgoibarko bidean, edo alderantzizko ibilbidea egin sartzeko.
Garraio publikoan ere antzemango dira Jokin Ormaetxea Memorialaren eraginak: Azpeiti aldetik datozen autobusak ez dira herrigunera sartuko 16:30etik 19:30era artean, eta Eroski eta Lidle saltokietako biribilgunetan egingo ditu geldialdiak. Aldiz, Zumarraga eta Elgoibar aldetik datozen autobusak herrigunean sartuko dira, baina kasu horretan, liburutegi ondoko geralekua Geltoki tabernaren parera lekualdatuko dira, eta gainerako geralekuak bere horretan mantenduko dituzte.