Larunbatean, hilak 19, Jokin Ormaetxea Memoriala egingo dute Azkoitiko kaleetan zehar. Azkoiti-Azpeitiko korrikalariek zein txirrindulariek eta txirrindularitzaren goi mailan aritutako kirolari ohiek parte hartuko dute Ormaetxea zena hil zela hogei urte betetzear diren honetan. Batetik, Azkoitia-Azpeitia duatloi erako erronka jokatuko dute, eta bestetik, txirrindulari profesional ohien kriterium proba. Udaletxeko bilkura aretoan egin duten aurkezpenean, Ander Etxabe Azkoitiko Udaleko kirol teknikariak azpimarratu du "kirolaz harago, Jokin oroitzeko eta omentzeko" antolatu dutela zapatuko hitzordua. Urriaren 24an beteko dira hogei urte Ormaetxea zendu zenetik, eta urteurren borobil hori aitzakia hartuta egingo dute memoriala.
Haritz Uranga Ebro antolatzaileak hartu du hitza segidan, eta hark adierazi du Ormaetxea bi gauzarekin lotzen zuela. "Batetik, ziklista profesionala izan zen, eta bestetik, 1998an korrikalari baten aurka egin zuen erronka nuen gogoan. Bi gauza horiek uztartzea nahi nuen, eta batekin zein bestearekin kontaktuan jarri nintzen. Familiarekin hitz egin nuen aurrena, harrera oso ona egin zidaten, eta horrek indarra eman zidan aurrera segitzeko eta behar bezalako ekitaldia antolatzeko".
Jon Aizpurua Ormaetxea zenaren koinatua ere aurkezpenean izan da, eta halako ekitaldia antolatzeak familiari "ilusioa" egin diola azaldu du hark. "Sekulako poza ematen digu. Badirudi bizimodu honetan dela ahazten dela, baina guretzat hunkigarria da hogei urte eta gero bere lagunak halako omenaldi bat antolatzeko mugitu direla ikustea. Eskerrak eman nahi dizkiegu horiei guztiei eta udalari. Ea eguraldi ona egiten duen eta ondo irteten den eguna".
Hitzorduaren nondik norakoak
Ibaiondo kaleko 1 eta 9 zenbakien artean kokatuko dute ekitaldiko gune nagusia; han izango dituzte egingo dituzten proba guztiek irteera eta helmuga. 16:00etan, Xabier Usabiaga telebista aurkezleak eta esatariak egingo du ekitaldiaren aurkezpen orokorra. Aurrena, txirrindulari ohiak aurkeztuko ditu; segidan, Azkoitia-Azpeitia erronkan parte hartuko dutenak; eta azkenik, kriterium paraleloan arituko direnak. Aurkezpenak amaituta eta Ormaetxea zena oroitzeko minutu bateko isilunea egin eta gero, 16:30ean hasiko dituzte probak.
Txirrindulari ohien kriteriumeko lehen saio puntuagarriarekin ekingo diote memorialari. Profesional mailan aritutako 25 txirrindulari izango dira Azkoitian, besteak beste, Markel Irizar, Igor Astarloa, David Etxeberria, Amets Txurruka, Roberto Laiseka eta Unai Osa bezalako aurpegi ezagunak. Txirrindulariek sei itzuli emango dizkiote 1,8 kilometroko zirkuitu bati. Hain zuzen, honako puntu hauek lotuko dituzte: Ibaiondo, Aizkibel liburutegia, Julio Urkixo etorbidea, Ugarteigarango igerilekuak, Matadeixe, Santa Klara kalea, Balda plaza eta Ibaiondo. Lehen proba horren ondoren, herriko 10-11 txirrindularik parte hartuko duten kriterium paraleloa ere egingo dute, eta horiek kanporaketa proba jokatuko dute zuzenean. Arnasa pixka bat hartu eta gero, berriro txirrindulari profesional ohien txanda izango da, eta haiek bigarren hitzordu horretan jokatuko dute kanporaketa proba.
Ziklisten saioak atzean utzi, eta Azkoitia-Azpeitia duatloi erronka hasiko dute, azkenik. Antxintxika edo bizikletan aritzen diren edo ibili izan diren kirolariek osatutako hiru taldek parte hartuko dute deman: azkoitiarrek osatutako taldeak (Joseba Diaz, Aiora Altuna, Bingen Aranbarri, Imanol Arizmendi eta Maider Oteiza), azpeitiarrek osatutakoak (Aitor Mimenza, Maite Etxezarreta, Julen Azpiazu, Vanessa Cerrajero eta Oier Ibarguren) eta bi herrietako beteranoek osatutakoak (Agustin Ruiz, Gari Uzkudun, Olatz Gabilondo, Nerea Etxeberria eta Jakes Uranga). Kirolari horiek guztiek Ormaetxea zenak eta Joseba Agirre korrikalariak 1998an egin zuten erronka bera egin beharko dute.
Lau kilometroko ibilbidea osatuko dute bi herrien arteko lehian: Ibaiondotik Munategiko biribilguneraino joango dira parte hartzaileak aurrena, eta Santa Kutzeko maldan gora abiatuta, berriro herrigunera itzuliko dira. Korrikalariek joan-etorri bat egiten duten bitartean, txirrindulariek bi egin beharko dituzte, Ormaetxeak eta Agirrek egin bezala. Hiru talde izanda, ordea, erreleboka jokatuko dute erronka: talde bakoitzeko bina kide abiatuko dira irteera lerrotik, antxintxika nahiz bizikletan txandatuz; horiek beraien taldekideei emango diete erreleboa, eta amaieran, talde bakoitzeko kirolari banak amaituko du proba. Ibaiondoko helmugara aurrena iristen denak irabaziko du lehia.
Ekitaldia borobiltzeko, txirrindulariak, eta erronkan zein kriterium paraleloan aritutako ziklista guztiak elkartuko dira. Hiru itzuli emango dizkiote kriteriumean txirrindulari ohiek egingo dute ibilbideari. Proba guztiak amaitutakoan, gainera, sariak banatuko dituzte.
Kirolariak, prest
Zapatuko ekitaldian herriko nahiz Euskal Herri mailako kirolariek parte hartuko dute. Horietako bat da Unai Osa txirrindulari profesional ohia. Hain justu, Ebro harekin jarri zen aurrena harremanetan, eta azaldu du "duela hiru bat hilabete" sortu zitzaiela ideia, eskolako entrenamendu batean zirela. "Haritzek komentatu zidan Jokini omenaldia egiteko asmoa zuela, eta lagunduko al nion esan zidan. Ni normalean ez naiz halako gauzetan sartzen, baina Jokinentzat izango zela entzun nuenean, segituan eman nion baiezkoa". Bailarako txirrindulariak lotzen hasi zen aurrena, eta hala joan zen guztia forma hartzen. "Guztiek baiezkoa eman zidaten, baina ekitaldia itxuratzeko euskal ziklisten izenak ere behar genituela iruditu zitzaidan. Harrituta gelditu nintzen, hasieran zaila zirudiena oso erraz egin nuelako". Osaren arabera, baiezkoa emandako txirrindulariek beste hiru edo lau lagun lotu zituzten. "Jokinekiko konpromisoa erakutsi dute guztiek, eta gustura gaude, nola ez, Jokini eta bere familiari omenaldia egingo diogulako. Txirrindulariok ere baliatuko dugu eguna aspaldiko partez elkartzeko".
Azkoitia ordezkatuko duen Bingen Aranbarri Xeye taldeko korrikalari azkoitiarra denboraldiari ekitear da, eta gogotsu dago zapaturako. "Denboraldiko lehen proba izango da niretzat, proba polita. Esan didatenagatik, proba azkenekoz egin zenean ere giro ederra sortu zen, eta espero dugu larunbatean ere hala izatea eta jendea animatzea". Vanessa Cerrajero Azkoitri taldeko kideak, bestalde, Azpeitiko taldean parte hartuko du. "Saltsarako gogotsu gaude. Denboraldia amaituta izanda ere, beti ahalegintzen gara korrika ez bada bizikletan zerbait egiten, eta zapatuan ere ahal duguna egingo dugu".
Trafikoa, mugatuta
Txirrindulariak herrian zehar egingo duten zirkuitu batean itzuliak ematen arituko direnez, ibilgailuentzako trafikoa itxi ez, baina mugatu egingo dute zenbait gunetan. "Ibilgailuentzako eragozpenak izango dira, baina bideratuak izango dira denak. Ez da izango inolako arazorik ez herritik ateratzeko, ezta sartzeko ere. Pixka bat mugatuta egongo dira zenbait pasabide". Dena den, Ebrok jakinarazi du Ibaiondo kalean ez dela aparkatzerik izango.