Desgaraian eta Ur taldeek kontzertua emango dute azaroaren 16an, plazan

Andoni Elduaien 2024ko urr. 17a, 12:56

Ur taldea. (Ur)

Um Blem Ble tabernarien elkarteak, udalak babestuta, Desgaraian eta Ur taldeen kontzertuak antolatu ditu azaroaren 16rako. Ordutegia ez dute zehaztu oraindik, baina herriko plazako oholtzan ariko dira bi taldeak egun horretan.

Jakinarazi dituzte San Andres jaien bueltan urtero antolatzen dituzten kontzertuetan zein talde arituko diren. Plazako oholtzara igoko dira Desgaraian eta Ur musika taldeak. Um Blem Ble tabernarien elkarteak, udalaren laguntzarekin, antolatu ditu bi kontzertuok. 

Pandemia garaian sortutako taldea da Desgaraian, eta hortik, besteak beste, taldearen izena. Bestelako estiloen eragina nabari bazaie ere, hala nola rockarena, herri kantuarena eta jazzarena, pop-a jorratzen dute nagusiki. Halaber, hitzei garrantzia berezia ematen dion taldea da, eta kritika soziala zein politikoa egiten dute kutsu poetiko nabarmeneko letretan. Jon Gurrutxagak (ahotsa), Ekain Alzolak (baxua), Garikoitz Ortiz de Villalbak (teklatua), Xabi Agirrezabala (gitarra), Markel de Reparazek (gitarra) eta Peru Iparragirrek (bateria) osatzen dute musika taldea.

Ur, bestalde, Urtzi Azkue (gitarra eta ahotsa) Azkoitiko bizilagunaren, Jontxu Larrañaga (baxua eta ahotsak) azkoitiarraren eta Markel Corral (bateria) eibartarraren proiektua da. Funk, disco eta indie estiloak jorratzen ditu konfinamendu garaian sortutako hirukoteak. 2021ean bederatzi abestiz osatutako Baleak diskoa kaleratu zuen, eta ondoren, 2022tik geroztik, Zoratzen, Nahi Nuke eta Irentsita singleak atera ditu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide