Gabriel Faure omendu dute Loreto Fernandezek eta Ainhoa Zubillagak

Andoni Elduaien 2024ko urr. 13a, 08:50

Zubillaga, ezkerrean, eta Fernandez, eskuinean, atzoko kontzertua hasi aurretik. (Udala)

Faure konpositorea, pedagogoa, organista eta piano jotzailea gogoan izan zuten organistak eta mezzosopranoak. Datorren larunbatean eskainiko dute organo zikloari dagokion Azkoitiko azken kontzertua; Nathan Laube estatubatuarraren txanda izango da orduan.

Loreto Fernandez organistak eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoak Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXV. Zikloaren barruko bigarren kontzertua eskaini zuten atzo, larunbata, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokian. 20:00etan hasi zen bi lagunen emanaldia, eta Gabriel Faure konpositorea, pedagogoa, organista eta piano jotzailea izan zuten gogoan.

Aurten, 100 urte bete dira Faure hil zenetik, eta organistak zein mezzoak omenaldi txiki bat egin nahi izan zioten hari. Bide batez, Faureren figura eta pertsona berraurkitzen saiatu ziren parrokian, haren melodiaren sorta batean zentratuta. Bestalde, Camile Saint-Saens, Pauline Viardot eta Nadia Boulanger artisten zertzeladak ere eskaini zituzten.

Mikel Ansola organistak eta Dos-i taldeak eskaini zuten Azkoitiko aurtengo aurreneko kontzertua. Hurrengo larunbatean izango da hirugarren emanaldia, Andre Mariaren Jasokundeko parrokian, 20:00etan. Nathan Laube organistak hartuko du parrokiako organoa, Louis James Alfred Lefebure-Wely, Maurice Durufle eta Franz Liszt konpositoreen obrak eskainiko ditu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide