Zabalik da Joseba Beristainen 'Emergentzia: bizitza' erakusketa digitala

Andoni Elduaien 2024ko urr. 11a, 19:25

18:00etan zabaldu du erakusketa musikari azkoitiarrak, eta 20:00etara arte egongo da gaur zabalik. Dena den, asteburuan ere zabalduko dute, baita datorren ostiraletik igandera ere.

Emergentzia: bizitza erakusketa ireki berri du Joseba Beristain musikari azkoitiarrak Portaleburu erakusketa aretoan. 18:00etan zabaldu du hark aretoa, eta bertaratu direnei erakusketari buruzko lehen azalpenak eman dizkie. Musikariak azaldu du erakusketa zabaldu izana "garrantzitsua" dela beretzat: "Gustuko ditudan hiru gauza uztartzen ditu erakusketa honek: artea, zientzia eta teknologia. Ezin nuen saihestu lehenago edo geroago halako zerbait egitea, eta gaur da eguna".

Sorrera berri bat planteatu nahi izan du musikariak erakusketarekin; hau da, gauza sinpleenetatik abiatuta konplexuak sortzeko bidea erakutsi nahi izan du; izan ere, bizitza sortu zenetik gaur egunera bitartean izan diren zenbait emergentzia prozesuen ikuspegi artistikoa kontatzen du Beristainek. "Ideia zientifikoak hartu eta horiek modu artistiko batean aurkeztu nahi izan ditut, irudiaren eta soinuaren bidez". Hain justu, simetria bilaterala, izaki plurizelularrak eta DNA hartu ditu ideia zientifiko bezala, baita bizitzaren forma digitalak ere. Lau osagai horiei lotuta, lau gune prestatu ditu hark bisitarientzat.

Gune bakoitzean, Beristainek hautatuko kontzeptu zientifiko horietatik abiatuta ordenagailuek sortutako irudiak eta doinuak ikusi nahiz entzungo dituzte bisitariek. Ordea, une oro berrituko dira bai irudia, bai soinua, eta beraz, erakusketak zerbait berria eskainiko die segundoero ikus-entzuleei. "Ordenagailuak denbora guztian ari dira irudia sortzen; behin ere ez da errepikatuko bizitzan ikusten ari garena. Gauza bera gertatzen da musikarekin, doinua ere denbora errealean ari baita sortzen ordenagailuan", eman du azalpena.

Gune bakoitzak eskaintzen duena ikusteko eta entzuteko aurikularrak izango dituzte eskura ikus-entzuleek. Dena den, gune bakoitzaren parean azalpenak ere irakur daitezke. Gaiaren gainean gehiago sakondu nahi dutenek, berriz, QR kodeak dituzte eskura.

Erakusketaren ordutegia

Gaurko egunaz gain, Beristainen erakusketa beste bost egunez egongo da zabalik. Bihar eta etzi berriro irekiko dute Portaleburu, baita datorren ostiraletik igandera ere. Ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara zabalduko ditu ateak erakusketa aretoak; zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara nahiz 18:00etatik 20:00etara; eta azkenik, igandeetan, 12:00etatik 14:00etara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide