Zinema aretoetatik, telebistatik edota Spotifytik jaioterriko udal erakusketa aretora jauzia egitear da Joseba Beristain azkoitiarra. Azken urteetan izena eta bidea jorratu ditu musikagintzan, zinemari eta ikus-entzunezkoei lotuta. Berak sortutako soinu bandak saritu dituzte han eta hemen, eta sari bat baino gehiago jaso dituzten ikus-entzunezkoentzako soinu bandak sortu ditu, era berean. Bihar, berriz, Emergentzia: bizitza izeneko erakusketa digitala irekiko du Azkoitiko Portaleburun, "proiektu handiago" baten lehen emaitza.
Informatika Ingeniaritza ikasketak egin zituen Beristainek, baina askoz lehenagotik, "ordenagailuekin zer eta ordenagailuak zertarako garbi ez" zegoen garaitik, datorkio tresna horrekiko lilura. 1986an, 8 urterekin, eskatu zion lehen aldiz amari ordenagailu bat: "50.000 pezeta balio zituen, eta amak ezetz esan zidan". 14 urterekin, bai, eskuratu zuen bere lehen ordenagailua: "marrazkiak eta musika", horiek izan ziren tresna haren pantailan irudikatu zituen lehen bi elementuak. "Artea eta teknologia beti egon izan dira lotuta", dio Beristainek: "Beti egin zait erakargarria arte digitala, eta nola gizakia teknologiarekin artea egiteko gai den. Normalean, teknologia deitzen diegu gu jaio ondoren sortutako gauzei edo tresnei; baina palanka bat, pintzel bat edota arkatz bat teknologia dira".
Izarren hautsetik
Zientziaren esparruan erabiltzen den emergentziaren kontzeptu zientifiko-filosofikoa dago proiektuaren oinarrian, eta Beristaini "betitik" lilura eragin izan dioten hiru gai uztartzen ditu: teknologia, artea eta zientzia.
Emergentzia hitzak, kasu honetan, ez dauka zerikusirik larrialdi-ren esanahiarekin. "Pieza soil batzuk konbinatuta zeozer berria sortzen denean, eta sortu den zera berri horrek aurreikusi ezin ziren propietate berri batzuk dituenean; hori izendatzeko erabiltzen da emergentzia hitza zientzian", azaldu du Beristainek, eta adibidea ere eman du: "Hidrogenoak bere propietateak ditu, eta oxigenoak beste batzuk. Bi horiek neurri jakin batean nahastuta, ura sortzen da; eta urak propietate berri batzuk dauzka, aurreikusi ezin zirenak". Big Bangetik gaurdaino, zientziaren historian emergentzia prozesuak "etengabe" gertatu dira.
Materia inorganikotik organikora pasatzea, bizitza bera sortzea; eta bizitzatik kontzientzia azaltzea dira, "gizakiaren ikuspegitik, emergentzia nabarmenenak", dio Beristainek. Bizitzaren sorrera bera, baina baita horra iritsi aurretik, duela milioika urte, "partikula zopa" zen hura izar eta galaxia bilakatzen nola joan zen, izarretan sortutako elementuak gizakiaren gorputzean nola bizi diren... Horrek guztiak liluratzen du aspalditik Beristain, eta bihartik ikusgai izango den lanaren inspirazio iturri dira. "Izarren hautsa garela diogunean, ez da poesia. Izarren hautsa gara, literalki. Horrelako gauzak beti izan dira harrigarriak niretzat".
Lau instalazio
"Kontzeptu zientifikoak artistikoki nola irudikatu", hori da sortzaile azkoitiarrak aspalditik buruan zerabilen galdera edo erronka, eta erantzunaren lehen zatia da Emergentzia: bizitza. Orain arte aipatutako hainbat gai eta kontu abiapuntutzat hartuta, lau instalazio digital sortu ditu Beristainek, eta horiekin egingo dute topo datozen bi asteburuetan Portaleburura joaten direnek: lau ordenagailu, beste horrenbeste proiektoreri konektatuta, etengabe eta "modu ez kontrolatuan" irudiak eta musika sortzen. Arte generatiboa deritzona baliatu du azkoitiarrak erakusketarako, baina ez Adimen Artifiziala (AA), bi kontzeptuen eta horiek izendatzeko erabiltzen diren izenen arteko "nahaste-borrastea" dagoela aitortu arren. Arte generatibo digitalean, sortzaileak aukeratutako pautak jarraituta, artistak emandako testuingurutik abiatuta, sortzen ditu artelanak ordenagailuak, "baina artistak ez daki behin ere seguru zer azalduko den, arte kontrolatu deskontrolatua da, nolabait esateko", azaldu du Beristainek.
Emergentzia: bizitza erakusketako instalazio bakoitzean, Beristainek hautatutako kontzeptu zientifiko jakin batetik abiatuta sortuko dituzte irudiak eta doinuak ordenagailuek. Instalazioen musikak elkar ez oztopatzeko, bakoitzak ematen duena ikusteko eta bereziki entzuteko aurikularrak izango dituzte eskura ikus-entzuleek. Instalazio bakoitzarekin zer irudikatu nahi duen azaltzeko idatziak ere jarriko ditu Beristainek ikus-entzuleentzat; eta berak planteatutako gaiaren gainean gehiago sakondu nahi dutenei zuzenduta, QR kodeak ere bai, interesa duten horiek beste eduki batzuetara bideratuko dituztenak.
"Ikusmina" du azkoitiarrak, jendeak erakusketa ezohikoari zer-nolako harrera egingo dion. Eta "eskertu beharra" ere bai, erakusketarako ordenagailuak, proiektoreak eta gainerako materiala utzi dion jendeari; ETK denda, Gorka Larrañaga, Unai Garmendia, Karlos Ibarbia eta Azkoitiko Udala.
Kosmosa, kontzientzia... Beristainek buruan ditu hurrengo emergentziak ere.