Udal Gobernuak akordioa itxi du Azkoitia Bairekin 2025eko ordenantza fiskalak onartzeko

Ane Olaizola 2024ko urr. 9a, 17:25

Ana Azkoitia alkateak adierazi du "une oro akordiorako prest" agertu dela bere taldea, baina "beti" ez dela posible "dena denekin adostea". Azkoitiko Udalbatzak bihar egingo du udal tasak eta zergak onartzeko udalbatzarra, eta oro har, %3,2 igoko ditu.

Azkoitiko Udalbatzak bihar onartuko ditu datorren urteko udal tasak eta zergak, eta Udal Gobernuak jakinarazi du Azkoitia Bai plataformarekin akordioa egin duela; horrenbestez, plataformak behintzat aldeko botoa emanda, EAJren Udal Gobernuak nahikoa babes izango du ordenantza fiskalak aurrera eramateko.

Udal Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez, udalean ordezkaritza duten lau alderdien artean akordioak lortzeko saiakerak egin ondoren, EAJk eta Azkoitia Baik lortutakoa baino ez da "posible" izan.
 Haren arabera, adostutako erabakien artean daude udal tasa eta zerga gehienak %3,2 igotzea eta kontribuzioa bere horretan uztea; hau da, izoztea. Era berean, iaz etxebizitza hutsengatik jarritako gainkargari bi salbuespen kenduko dizkiote, biak ala biak argindarraren gutxieneko kontsumoari lotutakoak.

Hondakinen gaineko tasak alderdien artean "eztabaida" sortu duela azaldu du EAJk: "Izan ere, Europako zuzentarau batetik eratorritako Hondakinen Legeak tasa egokitzea eskatzen die tokiko erakundeei, herritarrek ordain dezaten gastuaren %100a, eta udal-aurrekontuan eraginik izan ez dezaten. Horren aurrean, udalerri gehienek iragarri dute orain arte ohikoak ez ziren igoerak aplikatzeko asmoa dutela. Kostua eta estaldura kontuan hartuta, azkenean, igoerak ezberdintzea erabaki da: alegia, herritarrek ordaintzen duten tasa etxetiarra eta merkataritza-ostalaritzarena %3,3 altxatzea, eta industriarena, %42,40". 

Horrez gain, Azkoitia Baik "aspalditik" borrokatu dituen aldaketak onartuko dituzte bihar. Hain zuzen, auto zaharrei hobariak kenduko dizkiete, eta zaborraren estaldura erabatekoa izango da. Etxebizitzen kontribuzioa ez igotzea ere plataformaren eskaera izan dela adierazi dute taldekideek: "Pasa den urtean etxe hutsen errekargua ere adostea lortu zen, eta aurten haratago joango gara, merkaturatze bidean hobariak onartuz, eta ibilera gutxi dutenei errekargua ezarriz".

Ana Azkoitia alkateak, bestalde, negoziaketak izan ditu hizpide, eta azaldu du horretarako denborak ezin duela "betierekoa" izan, "bete beharreko egutegiari" erreparatuta. "Alderdi politiko guztien erantzukizuna da ordenantzak onartzea, udalak diru sarrerak behar dituelako, zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko. Tokiko Gobernutik jarrera proaktiboa izan dugu eta une oro akordiorako prest agertu gara, baina beti ez da posible dena denekin adostea. Horregatik, udal osoaren ezohiko bilkura egin aurretik, akordioa ixtea lehenetsi dugu".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide