Gipuzkoako Merkal Oinetakoak enpresako langileek 130 egun daramatzate greban –azken hiru hilabete mugagabean—, enpresa akordioaren alde, eta horien artean daude Azkoitiko saltokiko beharginak ere. ELA sindikatuak egindako salaketaren ondotik, ordea, Lan Ikuskaritzak ebatzi du Merkal Oinetakoakek langileen greba eskubidea urratu duela, enpresak grebalariak ordezkatu dituelako.
ELAk berak jakinarazi duenez, Lan Ikuskaritzan ez ezik, epaitegietan ere enpresaren aurkako salaketa egin du sindikatuak, eta haren arabera, bietan eman diote arrazoi. Izan ere, maiatzean epaitegietara jo zuen sindikatuak, Merkalek Langile Batzordeko ordezkariari ordu sindikalen erabilpena "ukatu" ziolakoan "beste langile baten baja ordezkatzeko aitzakiarekin". ELAk azaldu du epaileak arrazoi eman diela, eta "agerian" geratu dela "enpresaren jarrera antisindikala".
Enpresak Gipuzkoan dituen zortzi saltokietatik seitan hasi zituzten mobilizazioak apirilean, "lan baldintza eskasak duintzeko" eskatuz; tartean, Azkoitian. Izan ere, 2009az geroztik sektoreko hitzarmena berritu gabe dute, eta 2019an enpresakoa indargabetu zen. Ordea, enpresak "entzungor" egiten jarraitzen duela salatu du sindikatuak, eta langileen aldarriak aintzat har eta haien eskubideak errespeta ditzala galdegin dio hari. Era berean, langileek "borrokan" jarraituko dutela jakinarazi du.