Merkal Oinetakoak saltokiko langileak, greba mugagabean

Iraia Oteiza 2024ko uzt. 11a, 09:40

Azkoitiko Merkal Oinetakoak saltokiko langileak, protesta batean. (Iraia Oteiza)

Enpresak hitzarmen berria egiteko adierazi duen "borondate falta" dela eta, langileek lanuzteak "gogortzea" erabaki dute. "Lan baldintza eskasak duindu" nahi dituzte.

Merkal Oinetakoak enpresako Gipuzkoako 50 langileak greba mugagabean daude pasa den uztailaren 2az geroztik, "enpresak oraindik ez duelako borondaterik agertu hitzarmen berria sinatzeko".

Ainhoa Arretxe ELA sindikatuko ordezkariak adierazi duenez, 2023ko urrian lantaldeak enpresa hitzarmena lortzeko negoziazioak hastea erabaki zuen, "lan baldintza eskasak duintzeko". Hain zuzen, honako hiru eskaera nagusi helarazi zizkioten orduan langileek zuzendaritzari: kontziliazioaren alorrean, urtean dituzten lau asteburu libreak enpresak ez inposatzea eta oporren hasiera ere beharginek aukeratu ahal izatea; udako larunbatetan malgutasun handiagoa izatea eta asteko gutxieneko atseden eguna errespetatzea; soldatei lotuta, enpresak langileen antzinatasuna ordaintzea; eta azkenik, adostasuna betetzeko berme gisa, enpresa hitzarmena.

Hainbat hilabetez egon ziren negoziazioetan, baina enpresak horien "edukietan aurrera egiterik nahi izan ez" zuela salatu zuen sindikatuak, eta apirilean mobilizazioetara jotzea erabaki zuten. Apirilean eta maiatzean ostiral eta larunbatak greba egunak izan zituzten langileek, jakitun "salmenta gehien" izaten den sasoia dela hori. Joan zen hilean, baina, greba egunak astean hiru egunera zabaltzea erabaki zuten, eta ostiraletan zein larunbatetan ez ezik, astelehenetan ere lanuzteak egin zituzten hil osoan zehar.

Arretxeren arabera, mobilizazioekin eta grebekin "urtean pare bat larunbat jai hartzea baino ez" dute lortu, baina "inolako baldintzarik gabe". Ondorioz, enpresaren "borondate falta ikusita", greba mugagabera jotzea erabaki dute.

Azkoitian, lanaldi erdian

Gipuzkoako zortzi enpresetatik seitan daude indarrean lanuzteak, baina horietako lautan pertsonaren batek dihardu lanean. Azkoitiko kasuan, langile berri bat kontratatu du enpresak, eta sindikatuen arabera, "ez da komenigarria hasiberria den langile bat mobilizazioetan murgiltzea". Ondorioz, Azkoitiko saltokiko bi langileetako batek lanean dihardu, eta denda egun erdiz irekita dago.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide