Elkartasunaren mila aurpegi

Ane Olaizola 2024ko ira. 28a, 19:18

900 lagunek parte hartu dute Ttipi-Ttapa taldeak antolatu duen V. Lasterketa Solidarioan, eta paregabeko giroan gauzatu dute elkartasun ekintza. Jasotako dirua Ademgi Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteari emango diote.

Mila aurpegiko gaixotasuna dela esaten zaio esklerosi anizkoitzari, eta mila aurpegiko elkartasun keinua izan da gaur arratsaldean Azkoitian ikusi izan dena. Bosgarrenez, herritarrek kaleak bete dituzte Ttipi-Ttapak antolatzen duen V. Lasterketa Solidarioan, eta guztira, 900 haur eta helduk erantzun diote taldeari deialdiari.

Goizeko jolas inklusiboen ostean, 17:00etan hasi dira elkartasun lasterketak herriko plazan. Adinka banatuta egin dute antxintxika dozenaka umek, eta haien txanda eta gero iritsi da lasterketa nagusia. Betekada hartu du plazak 18:00ak jotzerako, eta txistua jo ostean hasi da elkartasun uholdea; batzuk oinez eta besteak korrika, giroa paregabea izan da herriko kaleetan. Sailkapenik gabeko lasterketan, elkartasuna izan da irabazle beste urte batez, eta izen-emateetatik jasotako dirua Ademgi Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearentzat izango da aurten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide