Migratzaileen eta Errefuxiatuen Munduko Egunarekin bat eginez, kultur arteko jaia ospatuko dute igandean Azkoitian. Hainbat herrialdetako jaki tradizionalak ikusteko eta dastatzeko aukera izango da orduan kalean, eta horrenbestez, nazioarteko gastronomiak protagonismo berezia izango du egun horretan. Egun horren atarian, Munduko janariak ikastaroa ari dira egiten Elkargunean, eta saio horietako baten lekuko izan da Guka.
Astelehenean hasi zituzten saioak eta bihar, osteguna, egingo dute azken saioa. Kultura desberdinetako errezetak kozinatzen ari dira, hala nola janari hispanoamerikarrak, afrikarrak, asiarrak eta europarrak. Hain justu, kultura bana ari dira lantzen saio bakoitzean. Elkargunean ari dira egiten sukaldaritza eskolak 17:00etatik 18:30era, eta herrian bizi diren migratzaileak ari dira irakasle eta sukaldari lanetan.