Dozenaka lagunek gaitzetsi dute Bilboko hilketa matxista

Aitziber Arzallus

Itaiak deituta, atzo arratsaldean Azkoitiko plazan egin zuten elkarretaratzea. (Utzitakoa)

Itaiak egindako deiari erantzunez eta Hilketa matxista orori aurre egin lelopean, elkarretaratzea egin dute plazan, herenegun goizaldean Bilbon izandako hilketa matxista gaitzesteko eta antolatzearen beharra aldarrikatzeko.

Herengun goizaldean Bilbon izan zen hilketa matxista salatzeko elkarretaratzera deitu zuen Itaiak atzo arratsalderako, eta dozenaka izan ziren plazan, Hilketa matxista orori aurre egin zioen pankartaren atzean, batu ziren herritarrak. Erasoa salatzeaz gainera, indarkeria matxistaren aurka antolatzearen beharra azpimarratu zuten han bildutakoek.

Itaiak ez ezik, Azkoitiko Udalak ere "irmo" gaitzetsi zuen hilketa, baina hark ohar bidez.

Herengun hil zuten emakume bat Bilbon, eta haren bikotekidea atxilotu zuen Ertzaintzak, hiltzailea delakoan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, bikotea bizi zen etxebizitzan izan zen hilketa. Bizilagunek larrialdi zerbitzuetara jo zuten etxebizitzan oihuak entzun zituztelako, eta zerbitzuok iritsi zirenean, emakumea arma zuriz zaurituta aurkitu zuten. Lekuan bertan hil zen, zaurien ondorioz. Biktimak 31 urte zituen, eta haren bikotekideak 34 urte ditu.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide