Emakume bat hil dute bart Bilbon, eta haren bikotekidea atxilotu du Ertzaintzak, hiltzailea delakoan. Azkoitiko Udalak "gaitzespenik irmoena" adierazi du hilketa matxistaren aurrean, eta elkartasuna adierazi die biktimaren familiari eta hurbilekoei. Era berean, "giza eskubideen urraketa larri eta onartezin" horren aurrean, erakundeak mobilizazioekin bat egin du, eta dei egin du horietan parte hartzera.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, bikotea bizi zen etxebizitzan izan da hilketa, Bilboko Santutxu auzoan. Bizilagunek larrialdi zerbitzuetara jo dute etxebizitzan oihuak entzuten zirelako, eta zerbitzuok iritsi direnean, emakumea arma zuriz zaurituta aurkitu dute. Lekuan bertan hil da, zaurien ondorioz. Biktimak 31 urte zituen, eta haren bikotekideak 34 urte ditu.