Andremarien balorazio "positiboa" egin du udalak

Andoni Elduaien 2024ko abu. 21a, 09:36

Esne Beltza taldearen kontzertuko irudi bat.

Azkoitiko alkate Ana Azkoitiak plazako kontzertu eta film laburren lehiaketa jendetsuak azpimarratu ditu, besteak beste, andremarien balorazioa egiterakoan. "Dena ondo joan da", esan du alkateak. Bide horretan, festetan ekintzak antolatu dituzten elkarteen, taldeen eta erakundeen lana eskertu du hark.

Azkoitiko Udalak igaro berri diren andremarien balantzea eginez idatzia kaleratu du gaur, asteazkena, eta Ana Azkoitia alkateak azaldu du herriko festen balorazio "positiboa" egin duela erakundeak. Alkatearen arabera, jaiek "urteko egunik eta gaurik onenetarikoak" eskaintzen dituzte, eta "zorionez, dena ondo" joan dela jakinarazi die herritarrei.

Plaza "jendez lepo bete" dela eta, alkateak arrakasta izan duten ekintzen artean azpimarratu ditu kontzertuak eta film laburren lehiaketa. Halere, beste zenbait ekintza ere goraipatu ditu. "Haurrek askotariko jarduerez gozatu ahal izan dute, musika ez da falta izan kaleetan, eta erraldoiak eta buruhandiak dotore luzitu dira. Besteak beste, Salbeak, 90 urte betetzen dituzten pertsonei egindako omenaldiak, herri kirolen jaialdiak, Inazio Iriarte pintura lehiaketak edota bazkari herrikoiak ere irudi nahiz oroitzapen berriak utzi dituzte, behintzat hurrengo andremarietara arte gordetzekoak direnak".

Jaien azken egunean, Kuadrillen Egunean, asko zerura begira egon ziren lainoek zekarten euria noiz atertuko, baina udalak esan du eguraldiak oztopatu den jarduera bakarra Xeye atletismo taldearen kaleko erakustaldia izan dela. Bide beretik, eguraldiagatik bazkari herrikoiaren kokalekua moldatu behar izan dute aurten, bazkaltzeko mahaiak eta aulkiak Azoka Plazan eta haren bueltako arkupetan jarriz. "Gainerako aldaketarik ez du eragin eguraldiak", azaldu du alkateak.

Azkoitia 700 ospakizuna tarteko, "urtea berezia" izaten ari dela gogoratu du alkateak, eta andremarietan ere urteurrenak "presentzia nabarmena" izan du. Dena den, festen lehen balorazioa egin eta gero, udalak "jaien inguruko beste hausnarketa bat" egingo du aurrerago, "egon daitezkeen akats txikiak zuzentzeko, edo hobetu daitekeena hobetzeko".

"Ardura, guztiona"

Dena den, alkateak nabarmendu du arriskuen eta gorabeheren prebentzioan jarri behar izaten dutela arreta halako egunetan. "Zenbat eta jende gehiago mugitu, orduan eta probabilitate handiagoa dago inork gertatzea nahi ez duena gertatzeko. Liskarren bat edo beste egon den arren, horiek ez dira gehiagora joan", azaldu du.

Herriko festak normaltasunez joatea eta giro ona nagusitzea "guztion ardura" da alkatearentzat, eta hori horrela, festetan ekintzak antolatzen aritu diren elkarte eta talde guztien, Udaltzaingoaren zein Ertzaintzaren, Gurutze Gorriaren, eta jaietan onena emanez kalera gozatzera nahiz ondo pasatzera atera diren herritarren jarrera eta lana txalotu ditu. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide