Andremarien azken txinparta, gozamenerako

Andoni Elduaien 2024ko abu. 19a, 09:25

Dantzan eta argi ikuskizunen bueltan esan diete agur azkoitiarrek andremariei. Bost festa egun izan dira, luzeak batzuentzat, laburrak besteentzat, baina kalean ibili direnek gogotik gozatu dute egun guztietan ere; Kuadrilla Eguna, horren adibide.

Agur andremariei, agur herriko jaiei. Atzokoa, Kuadrillen Egunekoa, izan zen bost festa egunetako azkena, eta goizean goizetik gaur goizeko ordu txikietara arte gozatzera atera ziren azkoitiarrak kalera; eta bai gozatu ere. Iluntzean erromeriek hartu zuten lekua bai plazan, bai txosnagunean; izan ere, Kitziki eta Gozategi musika taldeek kontzertu bana eskaini zuten. Azken egunera indarrarekin iritsi ziren herritarrek mugimenduan jarri zituzten bi plazak; ez zen festak amaitzeko gogo handiegirik sumatzen inon.

Gauerditik aurrera, berriz, argiak hartu zuen protagonismoa plazan. Batetik, bi suzko zezen atera zituzten plazara, eta herritar dezente atera zen haien txinparten aurrean korrika egitera. Bestetik, Brincadeira batukadak Glowdrums ikuskizuna eskaini zuen plazatik abiatuta, eta jende ugari bildu zen haien pauso geldo, baina perkusio soinu bizien bueltan.

Poliki edo bizi, norberak bere eran amaitu ditu festak, ondo edo aje pixka bat gehixeagorekin, baina denek ere irribarre bat ahoan zutela gozatuta. Horren lekuko, gaur goizean oraindik ikus zitezkeen etxera joateko presa handiegirik ez zuten lagunak ere; ondo pasatzen ari ziren seinale. Aurtengoak bukatuta, hurrengo urtekoen zain gelditu dira azkoitiarrak, ostegunez hasi eta astelehenez amaituko diren andremarien zain.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide