Jende asko bildu da Plazaberriko sokamuturraren bueltan

Aitziber Arzallus 2024ko abu. 18a, 20:02

18:30erako asko ziren hesian lekua hartuta zutenak, barrura sartzera ausartzen zirenek emango zuten ikuskizuna ahalik eta ondoen ikusteko esperantzarekin. Beste batzuek nahiago izan dute tabernaz taberna igaro arratsaldea. 

Bost egun eta gero, ordu batzuk besterik ez dira falta aurtengo andremariak bukatzeko, baina azkoitiarrek oraindik ere festarako gogoz jarraitzen dute. Gaur Kuadrillen Eguna izanik, ehunka lagunek eguerdian herri bazkaria egin dute Azoka Plazan, eta ondoren, arratsalde partean, Plazaberriko sokamuturra izan da jende gehien erakarri duen ekitaldia. 18:30erako asko ziren hesian lekua hartuta zutenak, barrura sartzera ausartzen zirenek emango zuten ikuskizuna ahalik eta ondoen ikusteko esperantzarekin.

Zezenzaleak ez direnek, nahiago izan dute tabernetan hartu aterpe, lagunekin egoteko eta dantza egiteko. Geroxeago, dantza baina kalean egiteko aukera izan dute UK03 txarangaren doinuetara. 19:30ean abiatu dira plazatik, eta hor zehar ibiliko dira beste pixka batean.

Dagoeneko aurtengo andremarien azken hondarrak besterik gelditzen ez diren arren, datozen orduetan ere izango da zertaz gozaturik. Hona hemen jaiak bukatu arteko egitaraua:

  • 20:00. Erromeria txosnagunean, Kitziki taldearekin.
  • 21:30. Gozategi taldearen kontzertua, plazan.
  • 22:00. Kontzertuak txosnagunean: Ukabil, Inoiz Ez eta Check Boyz.
  • 00:00. Suzko zezena, herriko plazan.
  • 00:15. Brincadeira batukadaren Glowdrums ikuskizuna, kaleetan.
  • 23:00etatik 02:00etara. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak saihesteko nahiz murrizteko eta genero erasoen aurkako babesgune zerbitzuak, parrokiaren aurrean.

Bihar, astelehena

  • 22:00. XIV. Diva-Sat idi dema saria, Gurea pilotalekuko probalekuan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide