Eguraldi txarrari irribarre egin diote azkoitiarrek

Intza Trula 2024ko abu. 18a, 16:15

Andremarietako azken eguna da gaur, Kuadrillen Eguna, eta eguraldia txarra bada ere, festa giroa ederra ari da izaten goizetik Azkoitian. XXII. Andremarietako Milia egin dute 13:00etan, eta 14:30ean, berriz, herri bazkaria.

Euripean hasi dute andremarietako Kuadrillen Eguna Azkoitian, eta aterkiak eskuan zituztela atera dira herritarrak festetako azken eguna ospatzera. Euritik babesteko aterkiak ez ezik, egun honetan ohikoak diren alkandora koloretsuak soinean zituztela atera dira kuadrillak kalera.

Eguraldi txarra zela eta, bertan behera utzi dute goizerako aurreikusita zegoen XXI. Kale Atletismo erakustaldia, eta horrenbestez, Xeye atletismo taldeak antolatutako XXII. Andremarietako Milia izan da Kuadrillen Eguneko lehen ekitaldia. 13:00etan atera dira korrikalariak Balda plazatik, eta eguraldia kaskarra bazen ere, asko izan dira lasterketa bertatik bertara ikustera animatu diren herritarrak. Gizonetan, Bingen Aranbarri izan da txapelduna, eta bigarren eta hirugarren postuak Iñaki Elolarentzat eta Aner Gesalagarentzat izan dira, hurrenez hurren. Emakumeetan, berriz, Aroa Altuna izan da azkarrena, eta haren atzetik amaitu dute ibilbidea Uxue De la Quintanak eta Kristina Garatek. Lasterketa amaitu bezain laster egin dute sari banaketa, eta horrez aparte, opari mordoa zozkatu dituzte parte hartu duten korrikalari guztien artean. 

Beranduago, plazan pilatu da jendea, urteroko herri bazkarirako prest. 14:30 aldera hasi dira kuadrillak banan banan paellaren bila joaten, eta giro aparta sortu da joan diren guztien artean. aldera hasi dira paella banatzen, eta giro paregabea sortu da bazkarira animatu diren guztien artean. Udalak goizean jakinarazi duen moduan, Berdura Plazan eta arkupeetan egin dute herri bazkaria, eguraldi txarrak horrela behartuta. 

Goizean zehar, gainera, UK03 txaranga ibili da kalerik kale, eta herritar bat baino gehiago jarri ditu dantzan.

Bazkalostean jarraituko dute festarekin, eta ondorengoa da egitaraua:

Gaur, Kuadrillen Eguna

  • 16:30. Brincadeira batukadaren Merograde ikuskizuna, kaleetan.
  • 17:30. Apar festa, Balda plazan.
  • 18:30. Zezenak, Plazaberrin.
  • 19:30. UK03, herrian zehar.
  • 20:00. Erromeria txosnagunean, Kitziki taldearekin.
  • 21:30. Gozategi taldearen kontzertua, plazan.
  • 22:00. Kontzertuak txosnagunean: Ukabil, Inoiz Ez eta Check Boyz.
  • 00:00. Suzko zezena, herriko plazan.
  • 00:15. Brincadeira batukadaren Glowdrums ikuskizuna, kaleetan.
  • 23:00etatik 02:00etara. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak saihesteko nahiz murrizteko eta genero erasoen aurkako babesgune zerbitzuak, parrokiaren aurrean.

Bihar, astelehena

  • 22:00. XIV. Diva-Sat idi dema saria, Gurea pilotalekuko probalekuan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide