Atzo, arratsaldeko lehen orduetatik, Hauek taldearen kamiseta soinean zuten herritar bat baino gehiago ikus zitezkeen Azkoitiko kaleetan, gauean herriko plazan izatekoa zen kontzertuaren iragarpen gisa. Festetako lehen hiru egunetan plaza bete egin zuten oholtzara igotako taldeek, Azkoitiko taldeak baino ibilbide dezente luzeagoa dutenak guztiak ere; langa goian zegoen beraz. Baina azkoitiarrek ez zuten hutsik egin. Elkargunean jotakoak baziren ere, herriko plazako oholtzara sekula igo gabeak ziren, eta, hala ere, eroso eta gozatzen ari zirela nabaritu zitzaien. Halaxe egin zuten haiei begira egon ziren ehunka herritarrek ere.
(Argazkiak: Andoni Elduaien)