Gogoratzeko eguna bizi zuten zenbait herritarrek atzo; izan ere, aurten 90 urte betetzen dituzten herritarrek udalaren eta Plaza Ondo jubilatuen elkartearen eskutik omenaldia jaso zuten Elkarguneko Herriko Plaza aretoan egindako bazkarian. Aurten, orotara, hamalau gizon-emakume izan dira aitortza jaso dutenak –hamabi emakume eta bi gizon–.
Ana Azkoitia alkatea herritarrei zuzendu zitzaien oroigarria ematerakoan: “Mahaiaren bueltan familia eta lagunak elkartzea gauza txikia da, baina pribilegio handia. Gaur egun, gaztetasuna miresten da, denok izan nahi dugu gazte. Zuek gaztetasunak ematen ez duen bertute askoren jabe zarete". Zera gehitu zuen: "Bizitzaren gazi-gozoak gordeta dituzue, bizipenak, oroitzapenak eta besarkadak. Bizitako erromeriak, maitasun istoriak, eta bizitzak irakatsitako lezioak. Gaztetasuna ez da adin kontua soilik: badira gazte zaharrak, eta badira zuek bezalako zahar gazteak, arima gaztekoak eta mingain arinekoak. Horregatik zaudete gaur hemen, zahar gazteak zaretelako, eta bizitza zukutzen dakizuelako, jakin duzuelako. Zuen animoak ez du zimurrik”.
Bazkalostean jaso zuten oroigarria herritarrek, Ana Azkoitia alkatearen eta elkarteko kideen eskutik. Bertan izan ziren, baita ere, Sonia Vazquez eta Iraitz Otaño zinegotziak.
(Argazkiak: Azkoitiko Udala)