Etenik gabeko festa egunak badaramatzate ere, andremariak ospatzen jarraitzeko gogoz daude azkoitiarrak. Gaur, esaterako, Baserritarren Eguna da, eta goizean goizetik izan dira egunari lotutako ekitaldiak herriko kaleetan zein plazan. Eguraldia lagun, asko izan dira Baserritarren Egunaz gozatzera atera direnak.
Goizean goiz hasi da Inazio Iriarte margo lehiaketaren 41. edizioa, eta herriko zenbait txokotan ikusi ahal izan dira margolariak lanean: hala nola eliz atarian, herriko plazan eta Balda plazan aritu dira margotzen. Margo lehiaketaren sari banaketa 19:30ean izango da, Portaleburun.
Horrez gainera, ganaduen erakusketa izan da Plazaberrin, eta larunbateroko azokaz ere gozatu ahal izan dute goizean kalera atera direnek. Eguerdira bitarteko ekitaldi guzti horiek, gainera, trikitilarien eta dultzaineroen doinuek girotu dituzte.
Plazan, berriz, herri kirol erakustaldia eskaini dute zenbait harrijasotzailek eta aizkolarik 12:00ak inguruan, eta herri kirol jaialdia hasi aurretik, erraldoiak eta buruhandiak atera dira kalera. Halaber, 12:30ean jubilatuen meza izan da parrokian.
Bazkalorduan, 90 urte betetzen dituzten herritarrak izango dira protagonistak; izan ere, 14:30ean bazkaria izango dute Elkarguneko Herriko Plaza aretoan, eta amaieran Azkoitiko Udalaren eskutik oroigarria jasoko dute.
Arratsaldean, Kulki herri kirolen jolasgunea, Bikote Helduen Dantza Suelto Txapelketa, mus txapelketa, Deiadar txarangaren kalejira eta Inazio Iriarte margo lehiaketaren sari banaketa izango dira. Iluntzean, berriz, Film Laburren XII. Lehiaketaren lanen emanaldia eta Hauek taldearen kontzertua.
Egitaraua:
Gaur, Baserritarren Eguna
- 09:00etatik 10:00etara. Azkoitiko Kultur Elkartearen XLI. Inazio Iriarte margo lehiaketarako zigilu jartzea, Portaleburu erakusketa aretoan. Lanak 14:00etatik 15:00etara bitartean jasoko dituzte toki berean.
- 09:30. Herriko trikitilarien eta dultzaineroen kalejira.
- 09:30. Ganadu erakusketa, Plazaberrin.
- 11:00. Herriko trikitilari gazteen kalejira.
- 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Txalkor txistulari taldeak lagunduta.
- 12:00. Herri kirol jaialdia, plazan.
- 12:30. Jubilatuen meza, parrokian.
- 14:30. Jubilatuen bazkaria, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Bertan, aurten 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko dituzte.
- 17:30. Kulki herri kirolen jolasgunea plazan.
- 18:00. Bikote Helduen Dantza Suelto Txapelketa, Balda plazan.
- 18:00. Mus txapelketa txosnagunean.
- 19:00. Deiadar txaranga, herriko kaleetan.
- 19:30. XLI. Inazio Iriarte margo lehiaketaren sari banaketa, Portaleburun. Jarraian, Juan Mari Arrizabalagaren liburuaren aurkezpena.
- 22:00. Film Laburren XII. Lehiaketaren lanen emanaldia eta sari banaketa, plazan.
- 23:10. Hauek taldearen kontzertua, plazan.
Bihar, Kuadrillen Eguna
- 11:00. Atletismo saioa, Balda plazan. Ondoren, XXII. Andremarietako Milia eta XXI. Kale Atletismo Erakustaldia, Xeye atletismo taldeak antolatuta.
- 12:00. UK03 txaranga, herrian zehar.
- 14:30. Herri bazkaria, plazan.
- 16:30. Brincadeira batukadaren Merograde ikuskizuna, kaleetan.
- 17:30. Apar festa, Balda plazan.
- 18:30. Zezenak, Plazaberrin.
- 19:30. UK03, herrian zehar.
- 20:00. Erromeria txosnagunean, Kitziki taldearekin.
- 21:30. Gozategi taldearen kontzertua, plazan.
- 22:00. Kontzertuak txosnagunean: Ukabil, Inoiz Ez eta Check Boyz.
- 00:00. Suzko zezena, herriko plazan.
- 00:15. Brincadeira batukadaren Glowdrums ikuskizuna, kaleetan.
- 23:00etatik 02:00etara. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak saihesteko nahiz murrizteko eta genero erasoen aurkako babesgune zerbitzuak, parrokiaren aurrean.
Etzi, astelehena
- 22:00. XIV. Diva-Sat idi dema saria, Gurea pilotalekuko probalekuan.