Autobus zerbitzua indartu du aldundiak Andre Maria jaietarako

Intza Trula 2024ko abu. 12a, 15:00

Lurraldebus autobusa.

Zehazki, abuztuaren 14an, 15ean, 16an eta 18an eskainiko du gaueko zerbitzu berezia Lurraldebusek. Azpeitira, Zestoara eta Zumaiara iritsiko dira autobusak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko gaueko autobus zerbitzua indartu du Azkoitiko Andre Maria jaietara joan-etorriak egin nahi dituztenentzat. Hain justu, etzi –asteazkena–, ostegunean –abuztuaren 15ean–, ostiralean –abuztuaren 16an– eta igandean –abuztuaren 18an– eskainiko du zerbitzua Lurraldebusek Azpeitira, Zestoara eta Zumaiara.

Alde batetik, Azpeitira joango den autobusa 00:40ean, 02:40ean eta 04:40ean irtengo da Azkoititik. Bestetik, Azkoitia eta Zumaia arteko zerbitzua indartuko da: 01:30ean, 03:30ean eta 05:30ean irtengo da autobusa Azkoititik, eta Azpeitian, Zestoan eta Zumaian egingo ditu geldialdiak. Horrez gainera, asteazken gauean zerbitzu gehigarri bat egongo da: 06:40ean aterako da autobusa Azkoititik, eta 06:50ean iritsiko da Azpeitira. Halaber, abuztuaren 17an, larunbata, UK45 eta UK45G lineetako gaueko ohiko zerbitzuak egongo dira.

Zerbitzu "segurua" eta "jasangarria"

Andre Maria jaietarako autobus zerbitzua indartzearekin batera, Azahara Dominguez aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak zerbitzua erabiltzera bultzatu ditu herritarrak: "Gipuzkoako beste herri askotan egiten ari garen bezala, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik Lurraldebusen gaueko zerbitzu bereziak jarriko ditugu abuztuaren 14tik 18ra Azkoitiko Andre Maria jaietara hurbildu nahi duten pertsona guztiek modu jasangarrian, seguruan eta erosoan egin dezaten. Gainera, ezin dugu ahaztu garraio publikoa dela pertsona askok mugitzeko duten modu bakarra, eta, beraz, aisialdirako sarbidea ere bermatu behar diegu pertsona hauei. Pertsonak ibilgailu pribatua etxean uztera eta garraio publikoa erabiltzera animatu nahi ditugu”.

Ildo beretik, Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea festa garaian garrio publikoak duen garrantziaz mintzatu da: "Gazteak oso ohituta daude inguruko herrietako jaiez gozatzera joatera, eta horretarako garraio publikoaren gaueko zerbitzua behar-beharrezkoa da erabiltzaileentzat; lasaitasuna, berriz, etxean zain dituztenentzat. Alkohola kontsumitzea eta gidatzea ez dira bateragarriak, eta eskerrak ematen dizkiogu Mugikortasun Sailari zerbitzu horiek indartzeko egiten duen ahaleginagatik. Benetan, prebentzio-neurri oso garrantzitsua dela deritzot".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide