Txirrindularitza maite dutenek goiz eta eguerdi parte beteak izango dituzte bihar Azkoitian. 11:00etan herriko plazatik abiatuta, Jokin Ormaetxea txirrindularitza taldeak eta Azkoitiko Udalak antolatuta, Martirietako XVI. Igoera jokatuko dute; andremarien atarian egiten den proba herrikoian parte hartu nahi dutenek bihar bertan eman beharko dute izena Azkoitiko plazan, 10:00etatik 10:45era bitartean.
13:00etatik berehala, berriz, profesionalen txanda izango da. Donostiako Klasikoa ere bihar jokatuko dute, eta Azkoititik igaroko da lasterketa. Antolatzaileen aurreikuspen azkarrena betetzen bada, 13:00 inguruan iritsiko da lasterketa burua Azkarate gainera, eta 13:07an Azkoitira; aurreikuspen motelenaren arabera, berriz, 13:13an harrapatuko dute mendate gaina aurreneko txirrindulariek, eta 13:21ean ailegatuko dira behera. Saihesbidetik pasatuko dira txirrindulariak.