Jaietarako segurtasun neurriak eta protokoloak koordinatzeko bilera egin dute

Mailo Oiarzabal 2024ko abu. 8a, 12:53

Udaletxean egin dute bilera Ertzaintzaren, Udaltzaingoaren eta udalaren ordezkariek. (Azkoitiko Udala)

Ana Azkoitia alkatea, zinegotziak, udal teknikariak eta Ertzaintzaren zein Udaltzaingoaren ordezkariak elkartu dira aurten ere jaien atarian. Besteak beste, uztaileko udalbatzarrean indarkeria matxista kasuen aurrean erantzun instituzionala emateko onartu zituzten jarraibideak eta festa egunetan herritarrek eskura izango dituzten baliabideak izan dituzte hizpide.

Andre Maria jaiak hasi aurretik ohikoa dutenez, festa egunetan segurtasuna eta zaintza egokia bermatzeko neurriak zein protokoloak koordinatzeko bilera egin dute aurten ere Azkoitiko Udalaren, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren ordezkariek. Ana Azkoitia alkatea ez ezik, hainbat udal sailetako zinegotziek eta teknikariek parte hartu dute lan saioan, poliziaburuekin batera.

"Udaltzaingoa eta Ertzaintza lankidetzan arituko dira eta festa egunetan zaintza indartuko dute, inork nahi ez dituen gertaerak saihesteko eta herritarren segurtasuna zaintzeko", azaldu du udalak bilera ostean.

Indarkeria matxistari aurre

Jai giroan suerta daitezkeen eraso matxistak prebenitzeko zein horiei aurre egiteko baliabideak jarriko ditu aurten ere udalak andremarietan; horrez gain, indarkeria matxista kasuen aurrean erantzun instituzionala nolakoa izan behar den zehazteko jarraibideak onartu zituzten uztaileko ez ohiko udalbatzarrean.

Aipatutako baliabideei eta neurriei dagokienez, udalaren Berdintasun Saila indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko erakundeen arteko jarduera eta koordinazio protokoloa "berrikusten eta eguneratzen" ari dela jakinarazi du udalak, eta gehitu du protokolo hori "partaidetza prozesu baten emaitza" izango dela; Udaltzaingoak, Ertzaintzak, herriko Osasun Zentroak, ikastetxeek eta udaleko arduradun politikoek nahiz teknikariek parte hartu dute prozesu horretan.

Bestetik, Berdintasun eta Prebentzio Sailak Ondo pasau, ondo pasau... pasatzeke! Festak berdintasunin izeneko kanpaina abiatu du festen bueltan, "batez ere, herritarrek informazio erabilgarria eskura izan dezaten". Abuztuaren 14an eta 18an SexuBizi Gune Morea, nformazioa, aholkularitza eta genero erasoen aurkako babesgunea eskaintzen duen gune mugikorra, irekita egongo da 23:00etatik 02:00etara parrokia atarian.

Alkohola eta drogak

Alkoholaren eta drogen kontsumoaren arriskuak prebenitzeko zerbitzua ere kalean aurkituko dute herritarrek datozen andremarietan.

Gune morea jarriko duten leku berean eta aipatutako egun eta orduetan izango da martxan zerbitzu hori.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide