Jaietan parte hartuko duten eragileek eta norbanakoek botako dute andremarietako txupinazoa

Mailo Oiarzabal 2024ko abu. 6a, 15:01

Iazko txupinazoa. (Azkoitiko Udala)

Azkoitia 700 ospakizun egitasmoaren barruan kokatu du erabakia Azkoitiko Udalak, eta aurten txupinazoa botako dutenek "herriaren izenean" egingo dutela azpimarratu du.

Aurtengo andremarietako txupinazoak Azkoitia 700 ospakizun egitasmoari egingo dio keinu, eta egitasmoaren beste katebegi bat izango da. Izan ere, aurtengo jaietan parte hartuko duten herriko hainbat elkarte eta taldetako ordezkariek nahiz norbanakoek botako dute jaien hasierako suziria hilaren 14an udaletxeko balkoitik, eta "herriaren izenean" egingo dute, udalak nabarmendu duenez.

Horrela azaldu du erabakia Ana Azkoitia alkateak: "Azkoitia 700 guztiona da. Andre Maria jaiak ere guztionak dira. Horrexegatik, aurten txupinazoa herriak botatzea nahi dugu, eta herritar guztiok ezin garenez udaletxeko balkoian elkartu, aurtengo festetako egitaraua hartu dugu jarraibide gisa, eta antolatutako ekintzetan, era batera edo bestera, modu aktiboan parte hartzen duten Azkoitiko taldeetako ordezkariak nahiz herritarrak gonbidatu ditugu balkoira". Herritar guztiek festetan gozatu ahal izateko lan egiten dutenen garrantzia ere goraipatu nahi izan du udalak hartutako erabakiarekin: "Lanagatik edo aisiagatik, baina herritar asko uztartzen ditu festetako egitarauak, eta festa lehertuaraziko duen txupinazoko momentuan talde eta pertsona horiek ordezkatuta egotea garrantzitsua da, denon artean egiten ditugulako festak, eta beraien ekarpenik gabe, ezingo liratekeelako jaiak antolatu".

Azpiazuren San Martin-en estreinaldia

Estreinaldi baten lekuko ere izango da aurten Andre Maria bezperako ekitaldirik jendetsuena. Aurten ere, txupinazoa bota bezain pronto, Ondo pasau Andramaixek joko du Musika Bandak, eta Azkoitia abestuko dute jarraian, Iraurgi abesbatzak eta Parrokiako Abesbatzak.

Baina aurten, horiekin batera, beste pieza bat entzun ahalko da lehen aldiz plazan, Miguel Mari Azpiazuk konposatutako San Martin obra estreinatuko baitute txupinazoan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide