Gure andramaixek!

Ana Azkoitia alkatea 2024ko abu. 13a, 09:00

Ana Azkoitia alkatea.

Azkoitia Gukak andremarietarako kaleratu duen egunkarirako Ana Azkoitia alkateak idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Gure andramaixek!

Azkoitia Azkottixe da guretzat. Andre Maria jaiak, andramaixek. Esaldi eta hitz egiteko modu horren atzean, autentikoa eta jatorra den herri oso bat dugu, pertsonek bezala, herriek ere izaera propioa baitute. Gure kasuan, 700. urteurrena ospatzen ari garela kontuan izanik, auskalo gure izaerak zer bilakaera eman duen gizaldiz gizaldi. Lehen eta orain, ordea, herri batek duen ondasunik handiena herritarrak dira. Herria osatzen duten haur, nerabe, gazte, heldu eta adinekoak. Eurentzat, denontzat, egiten dira festak, herriko festak, andramaixek.

Herri oso baten ospakizuna da. Ezin dugunez mahai bakar baten bueltan denok eseri, kaleak hartuko ditugu datozen egunetan, festa egunei umorea, kolorea, kantua eta irria jarri nahian. Sentimendu horrexegatik, festak batu egiten gaitu. Minak uztartzen gaituen moduan, baita zorionak ere.

Abuztuaren 14an lehertzen da festa gurean. Askorentzat ez da urte sasoirik aproposena, oporraldia tarteko, hondartza bazterren batean harrapatzen dituelako lehen hamabostaldiak. Baina, aizue, ba al da herriko jaiak baino arrazoi hoberik herrira bueltatzeko? Jaiez gozatu, eta ondoren atseden hartzeko paradisu txiki bat bilatzea ere proposamen tentagarria da.

Kontuak kontu, bakoitzak erabaki behar du festak nola bizi nahi dituen, eguneko eguzkipean edo gaueko ilunpean; erromerian dantzatuz edo kontzertuetan abestuz; pilota partidetara joanez edo siesta eginez; erraldoiekin batera paseatuz edo barraketan murgilduz; Salbea entzunez... aukera zabala da, eta ongi pasatzeko orduan, egitarauari dagokionez, muga bakarra norberak jartzen duena da.

Badira bestelako mugak. Guztion ardura da festetan gizalegez jokatzea, den-denok goza dezagun. Tolerantziak, errespetuak, berdintasunak, kontsumo arriskuen prebentzioak edota gizatasunak, ondo pasatzeko grinak adinako pisua izan behar dute festetan. Bestela, herriko jaiak amesgaizto bilaka daitezke baten batentzat edo batzuentzat. Ez gaitzala festetan inoren minak elkartu, zorionak baizik.

Balekoak dira lagunartea, bokata, kalea, giro ona, umorea, dantza... eta estutzen banauzue, baita reggaetoia ere, eta noski, euskaraz bada, askoz hobe!

Ondo pasau andramaixek!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide