40 urteko margoak hitzetan jasota

Erredakzioa 2024ko abu. 16a, 09:00

Juan Mari Arrizabalaga artista eta idazlea, eta liburuaren azala.

Inazio Iriarte margo lehiaketak bete dituen 40 urteak jaso ditu liburu batean Juan Mari Arrizabalaga artistak. Aurtengo festetako lehiaketaren egunean, abuztuaren 17an, aurkeztuko dute 'Azkoitia Ignacio de Iriarte margo lehiaketa. 40 urte' izeneko lana.

Artista, idazlea, eta Inazio Iriarte lehiaketako epaimahaikidea. Osagarri horiek guztiak batuz gero, normalena zen Juan Mari Arrizabalagak lehiaketaren historia idatziz biltzeko ardura hartzea.

Pasio pertsonal gisa abiatu zuen proiektua Arrizabalagak: "Duela 40 urte ezinezkoa zen argazkiak koloretan ateratzea, baina posible izan zenean, afizioz hasi nintzen lehiaketako koadroei argazkiak ateratzen. Gainera, 25. urteurrenean erakusketa antolatu zuen Azkoitiko Udalak, urte horietako margolan sarituekin, eta egoera hori aprobetxatu nuen argazkiak ateratzeko. Harrezkero, urtero atera ditut. XL. urteurrena gerturatzen ari zela, zer egin nezakeen pentsatzen hasi nintzen, eta Juan Bautista Mendizabalekin hitz egin ondoren, liburuaren ideia otu zitzaigun. Ordudanik, lana, lana eta lana egin dut liburua egia bilaka zedin", azaldu du. Azkoitia ‘Ignacio de Iriarte’ margo lehiaketa. 40 urte liburuak 294 orrialde ditu, eta hainbat ataletan antolatuta dago: margo lehiaketaren inguruko azalpenen idatzi batekin hasten da liburua, jarraian 40 urteetako lan sarituak daude bilduta, ondoren Juan Bautista Mendizabalen artikulu bat dator, beste atal batean saririk jaso ez baina kalitate handia duten margolanak daude, Sevillako Unibertsitateko katedratiko batek idatzitako Inazio Iriarteren bibliografia ere jaso da, eta azkenik, kalean egindako argazki anekdotikoak aurki daitezke.

Informazioz eta historiaz beteriko liburua da, beraz, eta abuztuaren 17an, aurtengo lehiaketaren sari banaketaren ondoren aurkeztuko dute. "Oso gustura gelditu naiz emaitzarekin. Lana erruz egin dut, baina lan dotorea egin izanaren poza sentitzen dut", adierazi du Arrizabalagak.

Lehiaketaren arrakasta

Inazio Iriarte lehiaketak 41. edizioa izango du aurtengoa, eta Azkoitiko festen barruan, leku garrantzitsua izaten jarraitzen du; urtez urte, Euskal Herriko margolari garrantzitsuenek parte hartzen dute bertan. "Herri txiki batean horrenbeste urtez mantendu izana ikaragarria da; gainera, parte hartze izugarria du. Baina, batik bat, herriaren erantzuna nabarmenduko nuke; margolariek nola lan egiten duten ikusi, sari banaketara eta erakusketara joan... Azkoitiak benetako interesa agertzen du, eta hori da arrakasta", amaitu du artista azkoitiarrak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide